Zarauzko urteko kirol hitzordu garrantzitsuenetako bat izan ohi da Bikote Mistoen Krosa, herritarrek kariño berezia diotena, eta, aurten, 47. aldiz jokatuko dute abenduaren 6an. Zarautz Rugby Taldeak lekukoa hartu zuenez geroztik, bosgarren urtez antolatu du lasterketa, eta ohiko dinamika bera izango du. Berrikuntzarik egon ez arren, aurten ere probaren datarekin gorabeherak izan dituzte: iaz astebete aurreratu zuten, eta aurten, Espainiako Gorteetarako bozak direla medio, astebete atzeratu.
Izena ematea jada zabalik dago, eta lasterketa eguna bera izango da inskripzioa egiteko azken eguna; 16 urtetik gorako edonork har dezake parte lasterketan. 850 bikotetara mugatu dute parte hartzea, eta momentuz 450 bikoteren langa gainditu dutela jakitera eman du Zarautz Rugby Taldeko presidente Mikel Larrañagak. Iaz 720 bikote izan ziren lasterketan parte hartzera animatu zirenak, eta antolakuntzari kopuru horietara iristea gustatuko litzaioke. "Hauteskundeengatik astebete aurreratu behar izan dugu proba, eta jakin badakigu abenduko zubiarekin kointziditzen duela. Beraz, kopuru horretara iristen bagara, oso gustura!", zehaztu du.
Proban parte hartzeko interesa dutenek herrikrosa.eus atari digitalean eman dezake izena, bikoteko 30 euro ordainduz, eta probaren egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, baina kasu horretan 33 euro balioko du inskripzioak. Dortsalak, berriz, Aritzbatalde frontoian jaso beharko dira; larunbatean, 16:30etik 18:30era, eta igandean, 09:00etatik 10:30era.
Urtero bezala, lasterketako lehen hiru bikote sailkatuentzat egongo da saria, eta lehen hiru bikote zarauztarrentzat. Gainera, parte hartzaile guztiek lasterketako elastikoa jasoko dute, eta proba amaieran salda eta txorizo pintxoa eskainiko diete. Horretaz gain, herriko establezimeduek emandako hainbat opari zozkatuko dituzte lasterkari guztien artean.
Ibilbide bera
Azken bi urtetako 7,9 kilometroko ibilbide bera izango du Bikote Mistroen Krosak. Aritzbatalde kiroldegi aurretik abiatuko da, 11:00etan, eta herrian barna hiru itzuli egin ondoren, korrikalariak Lege Zaharren Enparantzan helmugaratuko dira. "Bere momentuan ibilbidea aldatu genuen lasterkarien arteko harrapatzeak saihesteko, eta, zentzu horretan, asko hobetu da. Jakina, batzuk lehiatzera datoz, eta lasterketa herrikoia den heinean, beti gertatuko da ezinbestean. Baina ibilbidearen berrikuntzak jende gutxiago harrapatzea ekarri du", nabarmendu du Larrañagak.
Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie Zarauzko errugbi komunitateari –jokalariei, beteranoei, harrobiko jokalarien gurasoei eta abarri–, baita laguntzeko prest agertzen diren herritarrei ere. "Boluntario lana izugarri eskertzen dugu. Izan ere, gero eta gehiago kostatzen da jendea lortzea. Zorionez, babesa dugu eta oso eskertuta gaude", gaineratu du.
Inaxio Illarramendi beste urte batez zoriondu egin du Zarautz Rugby Taldearen lana, eta eskertu egin du proba dataz aldatzeko erakutsi duen malgutasuna. "Hain justu ere, hilaren 29rako ekitaldi ugari aurreikusita geneuzkan, eta bertan behera utzi behar izan ditugu, guztiak ezin direla aurrera eraman. Beraz, txalotzekoa izan da beraien prestutasuna". Probari dagokionez, jendea animatu du bertan parte hartzera, eta dena ongi ateratzea opatu die antolatzaileei.