Establezimenduek Gabonetako erakuslehio lehiaketan izena eman dezakete

Enara Ariznabarreta

Iazko erakuslehio bat. (Zarauzko Udala)

Udalak eta Murkil Zarauzko Dendari Elkarteak antolatutako lehiaketan parte hartzeko izen ematea abenduaren 9an itxiko da, 13:00etan. Erakusleihoak egun horretatik urtarrilaren 6ra arte egon beharko dira apainduta, eta epaimahaiaren erabakia abenduaren 16an jakinaraziko dute.

Zarauzko Udalak, Turismo Sailaren bitartez eta Murkil Zarauzko Dendari Elkartearen laguntzarekin, Gabonetako XLIV. Erakusleiho Lehiaketa antolatu du. Gabon giroa sustatzea eta herriko merkataritza-establezimenduen erakusleihoak apaintzea ditu helburu ekimenak. Aurreko urteetan bezala, aurten ere garaikurra eta 800 euroko lehen saria, 500 euroko bigarrena, eta Murkilek emandako 300 euroko hirugarren saria banatuko dituzte.

Horrez gain, Murkilek 100 euroko bost erosketa txartel zozkatuko ditu lehiaketan parte hartzen duten establezimendu guztien artean. Lehen hiru sarietako bat irabazten duen establezimendua Murkilen bazkidea bada, 100 euroko erosketa txartel gehigarri bat ere jasoko du.

Kontuan hartuko diren irizpideak

Epaimahaiak hainbat alderdi hartuko ditu kontuan lehiaketako irabazleak aukeratzerako orduan. Esaterako, erakusleihoaren aurkezpena, salgai dauden artikuluen erakusketa erakargarria eta Gabon garaiarekin bat datorren dekorazioaren originaltasuna.

Horrez gain, materialen erabilera iraunkorra eta hondakinen murrizketa sustatzeko, epaimahaiak material birziklatuen edo birziklagarrien erabilpena baloratuko du. Honen helburua kanpainan erabilitako produktu, material eta baliabideei balioa ematea eta ahalik eta hondakin gutxien sortzea izango da.

Halaber, erakusleihoetan jartzen diren mezuak euskaraz idatzi beharko dira. Euskaraz eta gaztelaniaz edo beste hizkuntzaren batean jartzen badira, euskarari emango zaio lehentasuna.

Izen emateko epea

Lehiaketan parte hartu nahi duten establezimenduek abenduaren 9ko 13:00ak baino lehen eman beharko dute izena. Horretarako, Zarauzko Turismo Bulegora jo dezakete edo 943-83 09 90 telefono zenbakira deitu.

Gainera, parte hartzen duten erakusleihoek abenduaren 9tik urtarrilaren 6ra arte egon beharko dute apainduta. Epaimahaiaren erabakia, berriz, abenduaren 16an jakinaraziko dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide