Zarauzko Udalak Zarautzen etorkizuna elkarrekin irudikatzeko prozesua jarri du martxan, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenari heltzeko asmoz. Horretarako, lehen fasean, udala diagnostikoa egiten ari da, egungo Zarautz nolakoa den aztertzeko, herriko beharrak identifikatzeko eta dauden aukerak ezagutzeko.
Diagnostikoaren lanketan hiru saio egin dituzte dagoeneko: Udal Plangintza Aholku Batzordearen bilera, elkarteekin egindako mahai sektoriala eta herritarrei zuzendutako saio irekia. Guztira, sei elkartek eta 25 herritarrek parte hartu dute. Orain, saio horietara joaterik izan ez duten herritarrei ere beren ekarpenak egiteko aukera eman nahi die udalak.
Hamar gai, hiru ardatz
Prozesu honetan ekarpenak egiteko gida udal webguneko Parte Hartu atalean aurki daiteke. Bertan jasotzen dira diagnosiak landuko dituen 10 gaiak, hiru ardatzetan banatuta.
Lehen ardatzak espazioei lotutako gaiak biltzen ditu: ingurune naturala eta paisaia, mugikortasuna eta espazio publikoa. Bigarrenak, berriz, eraikinei buruzko gaiak jasotzen ditu: etxebizitzak, jarduera ekonomikoak garatzeko eraikinak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten ekipamenduak, hala nola hezkuntza-, osasun-, kirol-, kultura- eta laguntza-ekipamenduak. Hirugarren ardatza zeharkako gaiek osatzen dute: ondarea, nortasuna eta euskara; berdintasuna eta inklusioa; turismoa; eta klima-aldaketa eta osasuna.
Garbiñe Oiarbide Hirigintza, Etxebizitza eta Partaidetza zinegotziak azaldu duenez, fase honen helburua gai bakoitzean "gaur egungo Zarautz nolakoa den hausnartzea" da, "arlo bakoitzeko egoera, beharrak eta aukerak identifikatzeko". Jasotako ekarpenekin, HAPOaren hurrengo fasean egungo beharrei erantzungo dieten proposamenak eta alternatibak landuko dituzte.
Ekarpenak egiteko epea
Ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek udal webguneko Parte Hartu atalean dute eskuragarri prozesuari buruzko informazioa, baita diagnostikoa lantzeko gida eta parte-hartze saioetan erabilitako panelak ere.
Herritarrek ardatz eta gai guztiei buruzko ekarpenak egin ditzakete, gai zehatz bati buruzkoak edo proposamen jakin baten ingurukoak. Horretarako, abenduaren 1era arteko epea izango dute. Ekarpenak webguneko Parte Hartu atalaren bidez edo zhapo@zarautz.eus helbide elektronikora bidalita aurkez daitezke.