Logelatik kalera, uhinak astintzeko prest da Braun

Julene Sorarrain

Braun taldeko kideak, aste honetan, entsegu batean. (Julene Sorarrain)

Braun musika taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du bihar, 18:00etan, Getariako Berdura plazan. Garraio taldea eta I.rat.i DJa ere izango dira hitzorduan.

Dagoeneko hilabete batzuk igaro dira Oihan Manterolak (Getaria, 2004) bere logelan, ordenagailu eramangarria, gitarra, baxua eta bere amaren Casio teklatua hartuta, bost abesti sortu zituenetik. Abesti horiei forma emateko eta zuzenean jotzeko talde baten beharra gerora etorri zen, eta orduan batu zitzaizkion Eneko Eizagirre (2004), Ibai Goikoetxea (1999) eta Xabier Olaizola (1993) zarauztarrak. Laukoteak elkar ezagutzen zuen aurretik, hainbat taldetan elkarrekin aritutakoak baitira.

Manterolak betidanik izan du gustuko Peanuts komikiaren eta Charlie Brownen unibertsoa, eta soinu efektuak sortzeko JHS Charlie Brown izeneko pedalari begira zegoela bururatu zitzaion taldearen izena: Braun. "Seinale moduko bat izan zen", azaldu du getariarrak.

Hasiera batean, bost abesti argitaratu zituen Manterolak demo gisa, lo-fi soinuen aldeko apustua eginez eta kasete grabazioen estetika imitatuz. "Ondoren, beste bi abesti sortu nituen, eta entseatzen hasi ginenean, sintetizadorearekin saltseatzen ari nintzela, kasete formatuko lan fisiko bat kaleratzeko aukera ikusi nuen". Zergatik, ordea, kasete formatua? "Nik entzuten ditudan talde askok lau kanaleko grabagailu batekin grabatzen dituzte abestiak. Soinuaren saturazioa eta kasetearen berezko soinua bilatzen dituzte. Hori zen elementu komuna, eta euskarri horretan argitaratzea erabaki genuen, soinu hori lortu nahi genuelako".

"Logela punka" da, hain justu, taldeak lantzen duen generoa. "Bedroom pop generoaren antzera, logela punka ere produkzio aldetik gordina edo kutreagoa izan daiteke, baina hautu estetiko kontziente baten emaitza ere bada", nabarmendu du Eizagirrek. Hain zuzen ere, abestiak konposatzerakoan, bedroom punk-aren inguruko hainbat erreferente izan dituzte, besteak beste, Gee Tee, 1-800-Mikey, Tee Vee Repairmann, MOTO, Kotoi, Sei Sega edota Getariako Oki Moki taldea. "Garage punk edo lo-fi punk eszena oso aberatsa da, baina Euskal Herrian, agian, ez horrenbeste. Dena den, iruditzen zaigu hemen badagoela publikoa, eta zuzenekoek harrera ona dute. Oro har, areto handietan aritzen diren punk taldeek beste eredu bat jarraitzen dute. Gure bereizgarrietako bat, agian, honako filosofia hau da: zerbait esateko baduzu eta zerbaiten falta sumatzen baduzu, egin ezazu zeuk!".

Manterolaren unibertsoa dago letren atzean, baina gainerako taldekideak ere sormen prozesuaren parte direla azaldu dute taldekideek. "Oihanek letrak bidaltzen dizkigu, eta, ondoren, askatasun osoa dugu gure moldaketak egiteko edo gure estiloan jotzeko. Berak erritmoak markatu ditzake, baina guk ere gure ekarpenak egin ditzakegu", kontatu du Goikoetxeak. Eizagirrek ere nabarmendu du gainerako taldekideek ere beren eraginak dituztela, eta hori guztia abestiak jotzeko moduan islatu dezaketela zuzenekoetan. "Horrek beste dimentsio bat ematen die abestiei. Oihanek esaten zigun bezala, abesti horiek lehen ez ziren existitzen; elkarrekin jotzen hasi ginenean hartu zuten forma".

Bihar, aurkezpena etxean

Bihar, 18:00etan, Getariako Berdura plazan aurkeztuko du Braunek diskoa. Sarrera doakoa izango da, eta Durangoko (Bizkaia) Garraio taldea izango dute aurretik, gonbidatu gisa. Kontzertuen ondoren, I.rat.i DJak izango du arratsaldea biribiltzeko ardura.

Goikoetxeak azaldu duenez, kontzertua gerturatu ahala, urduritasuna gehitzen ari da. "Entsegura gentozela, larunbateko kontzertuari nola begiratzen genion komentatzen ari ginen. Kontzertuaren astean sartzen garenean, eta kontuan izanda dena geuk antolatzen dugula, urduritasuna areagotu egiten da. Dena den, urduritasunaren eta gogoaren arteko nahasketa da sentitzen duguna. Gogo handia dugu jendaurrean jotzeko".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide