Txingarra Zarauzko energia komunitatea sortu dute, eta komunitatea bera aurkezteko eta eskuartean dituzten proiektuak ezagutarazteko saio irekia egin zuten asteazken arratsaldean Etxezabalan. Aretoa herritarrez bete zen, gaiak interesa piztu duen seinale, eta Txingarrako kideek –Aitor Etxabe presidenteak, Rita Aldabaldetreku idazkariak eta talde eragileko kide Iñigo Agirrek eta Alex Lopezek– azken urtean mamitzen aritu diren lanaren berri eman zuten.
"Deialdi bat egin zen iaz eta herritar talde bat elkartu ginen, energia gaien inguruan halako kezka bat partekatzen genuena. Hasi ginen biltzen eta hitz egiten, eta Zarautzen zer egin ziteken aztertzen. Hortik abiatuta, ikusi genuen bazela momentua elkarte bat sortzekoa eta energia komunitate bat eratzekoa, baita herri mailan eragile izateko ere", azaldu zuen Aldabaldetrekuk.
Hiru helburu
Energia iturri fosilen gizartea amaitzera doan honetan, herrian energiaren alorrarekin lotutako proposamenak egin eta elkarrizketak abiatu nahi ditu Txingarrak. Horretarako, hiru helburu nagusi finkatu ditu: Zarautzen energia berriztagarrien ekoizpen eta kontsumo arduratsu eta jasangarria bultzatzea; herritarren kontzientzia sustatzea, jasangarritasun energetikoaren kulturan; eta Zarautzen energia kalteberatasun egoerak eragozten laguntzea.
"Helburu batzuk ditugu, baina gauza zehatzetara joan nahi dugu. Ez dugu ideietan geratu nahi. Eragile aktiboak izan nahi dugu herrian hartzen diren erabakietan, udalak, udal elkarteak edo beste norbaitek har ditzakeenetan", aditzera eman zuen Agirrek. Eragile aktiboa izateaz aparte, nahiko lukete Txingarra komunitatea ere kontuan hartzea erabaki horiek hartzerakoan, iritzia emateko aukera izatea, "ikuspuntu kritikoa emateko, baina baita bidelagun izateko ere; ez gauzen kontra egiteko, baizik eta gauza batzuekin laguntzeko, bideratzeko edo sinergiak bilatzeko; eta, kasu batzuetan, sustatzaileak izateko ere bai", gaineratu zuen elkarteko kideak.
Norbanakoen eguneroko erabakietan ere eragin nahiko luke Txingarrak, eta horretarako, energia kontuen bueltan sentsibilizazioa bultzatu nahi dute: kontsumoa murrizteari buruz, zer energia mota erabili, uzten den karbono aztarna edota energiaren erabilera etikoaz, esaterako. "Ezagutza inpartziala eta teknikoa helarazi nahi dugu, interes politikoetatik eta ekonomikoetatik kanpo dagoena", nabarmendu zuen Agirrek. Halaber, Txingarrakoek argi dute hartzen diren erabakiak herri mailakoak izan behar direla, eta horretarako, norbanakoei formazioak eman nahi dizkiete.
Zarauzko energia komunitateak zerbitzuak ere eskaini asmo ditu, baina laguntzaak ematerakoan, kalteberatasun egoeran daudenak lehenetsi nahi dituzte. Horrez gain, energia kontsumoan eragin nahi dutela azaldu zuen Agirrek: "Izan daiteke gasa, argindarra edo beste bat, baina energia hori berdea izan daiteke, edo berdeagoa. Horretan ere lagundu nahiko genieke norbanakoei erabakia hartzerakoan. Horrekin batera, zenbat energia kontsumitzen dugun aztertu nahi dugu, bai kopuruan, bai eraginkortasunean, eta kostua murrizten lagundu".
Soberakina partekatu
Txingarra energia komunitatearen aurkezpen saiorako erabili zuten leloa Kontsumo partekatua sustatu. Soberakinik ez! izan zen, eta, hain justu ere, bide horretan ematen ari den pausoen berri ere eman zuten saioan. Izan ere, Zarautzen dauden eguzki plaken instalazioetatik kontsumo partekaturako ereduak sortzeko lanean ari da elkartea, herrian bertan sortzen den elektrizitatea ahalik eta gehien aprobetxatzeko helburuarekin. "Halako instalazioetan momentuan autokontsumitu ezin daitekeena sarera joaten da. Sareko banatzaileak askotan dohainik hartzen du soberakina, eta ondoren, berak aprobetxatzen du, kontsumitzaileak aprobetxatu beharrean", kontatu zuen funtzionamendua Lopezek.
Elkartea sortu zutenean, autokontsumorako halako instalazio bat martxan jartzea buruan izan zutela azaldu zuen Lopezek, baina Salbatore Mitxelena ikastolako instalazioaren energia soberakinak arreta piztu ziela. Izan ere, autokontsumo partekatuak ia 40 megawatt orduko soberakinak zeuzkan; 40.000 kilowatt orduko, urtean. "Beraz, instalazio berri bat egin beharrean, autokontsumo partekatu gisa hor sartzea erabaki genuen".
Soberakinen arazoa "arazo orokorra" dela azpimarratu zuen Lopezek, "instalazio askotan dagoena", eta une honetan Txingarrak halako instalazio bat finantzatzeko eta kudeatzeko "nahikoa indarrik ez" duenez, daudenetara jotzea eta horien soberakinak baliatzea erabaki du elkarteak. "Era berean, elkartera batzen den jendeak energia hori baliatu ahalko luke", gaineratu zuen.
Txingarraren lehen proiektua, beraz, ikastolako soberakina partekatzea izango dela jakitera eman zuten. Salbatore Mitxelenakoekin jada hitz egin eta akordio bat sinatu dute, eta instalazioaren jabe den Goiener kooperatibako arduradunekin ere harremanetan jarri dira. Zarauzko energia komunitateak aurreikusten du urtarril aurretik jendea batzen hasiko dela pixkanaka autokontsumo sare horretara. "Planteatzen ari garena da, lehenik eta behin, herritarrak komunitatera bazkidetzea, eta ondoren, kontsumo partekatuan parte hartu ahal izatea", zehaztu zuen Lopezek.
Ikastolako kontsumo sare partekatuan sartzeko, elkarteko kideek ez dute inolako inbertsiorik egin beharko, eta autokontsumitzen duten energiak prezio finko bat izango luke. Aurrezpen handirik ez lukeela izango jakinarazi zuen Txingarrako talde eragileko kideak –urtean %10ekoa, kalkulatu dute–, baina komunitatearen xede nagusia da herritarrek energia gaietan parte hartzea eta kontzientziatzea.
Energia instalazio ugari daude Zarautzen, eta horren inguruan ere lanketa bat egin nahi du Txingarrak: jabeekin elkartu nahi dute informazioa jasotzeko, eta gero, aztertu nahi dute instalazio horietako soberakinak elkarteko jendeak autokontsumitzeko aukera izango lukeen.
Komunitatera batu
Elkartearekin bat egiteko modu bat baino gehiago daudela adierazi zuten saioaren amaieran. Alde batetik, gaiarekiko sentsibilitatea dutenak komunitateko bazkide izan daitezke 10 euroko "kuota sinbolikoa" ordainduz; eta bestetik, kontsumo partekatuan parte har daiteke. Bigarren aukera horretara batzen direnentzako saio zehatz eta teknikoagoak antolatzeko asmoa dute, prozesua zein izango litzatekeen azaltzeko. Oraingoz bazkide egin ez, baina gaian interesa dutenak eta antolatzen dituzten ekintzen gaineko informazioa jaso nahi dutenak ere elkartekoekin harremanetan jar daitezke.
Edozein zalantza argitzeko edo informazio zabalagoa jasotzeko, Txingarra.eus webgunea sortu dute, eta info@txingarra.eus helbide elektronikora idatzita ere jar daiteke komunitateko kideekin harremanetan.
