Herritarrek Kirol Sarietarako hautagaiak aurkez ditzakete

Eneko Eizagirre Perez

2025eko Kirol Sarietako argazki bat saridun guztiekin. (Utzitakoa)

Hautagaiak bidaltzeko epea zabalik dago, eta azaroaren 30a bitarte egongo da horretarako aukera. Urtarrilaren 27an egingo dute sari banaketa ekitaldia Modelo aretoan.

Urtero bezala, Zarauzko Udalaren ekimenez, Zarauzko Kirol Sariak banatuko dira herriko kirolarien errotzea eta parte hartzea sustatzeko asmotan. Ekitaldi nagusia urtarrilaren 27an izango bada ere, herriko kirolariak sarietara aurkezteko epea jada irekita dago. Zarauztar orok aurkeztu ditzake hautagaiak azaroaren 30a bitarte kirola@zarautz.eus helbidera mezu bat bidalita, edota Aritzbatalde kiroldegiko harrerako inprimakia beteta.

Guztira, zazpi kategorietan banatuko dira hautagaiak; emakumezko kirolaria, gizonezko kirolaria, emakumezkoen taldea, gizonezkoen taldea, entrenatzailea, kirol babeslea eta Kirol Bizi saria. Proposamenak bidaltzeko azken egunaren ostean, udalak izendatutako batzorde batek aukeratuko ditu hautagaiak eta horietatik zazpi izango dira sarituak urtarrilaren 27an Modelon egingo den Kirol Sarien ekitaldian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide