Usabiagak eta Sanchezek eramango dute Jirabira txirrindulari klubeko emakumezkoen kirol zuzendaritza

Eneko Eizagirre Perez

Jirabira taldeko emakumeak. (Utzitakoa)

Jirabira klubaren eraberritze prozesuan, hainbat aldaketa eman dira lantalde teknikoan. Ana Usabiagak eta Iker Sanchezek hartuko dute aurrerantzean emakumezkoen taldearen kirol zuzendaritza, eta Ion Etxarri izango da koordinatzaile nagusi berria.

Emakumezkoen ekipoaren haziak loratuta daudela, talde teknikoan aldaketak egiteko apustua egin du Jirabira klubak. Orain arte kirol zuzendari modura hainbat urtez lanean jardun diren David Etxeberria eta Mikel Usandizaga, beste proiektu batzuetan murgilduko dira. Hala ere, hauen falta modu bikainean ordezkatu dute, izan ere, aurrerantzean Ana Usabiaga eta Iker Sanchez izango dira emakumezkoen taldeko kirol zuzendariak.

Tandem bikaina osatuko dute Jirabira kluba indarberritzeko; alde batetik, Usabiagak hartuko du taldearen gidaritza nagusia eta honek txirrindulari modura izan zuen ibilbide oparoa, oso lagungarri egingo zaie taldeko kirolariei. Bestetik, Santzezek ere esperientzia handia du emakumezkoen harrobi txirrindularitzan lanean, eta bigarren kirol zuzendari modura jardungo da etapa berri honetan.

Ion Etxarri, orain arte emakumeen taldeko kirol zuzendaria izandakoa, hemendik aurrera klubeko koordinatzaile nagusia izango da. Bestetik, Jon, Eñaut eta Iñigo Eizagirrek, mekanikoen taldea osatuko dute. Azkenik, Jose Luis Laburuk ere laguntzaile gisa lanean jarraituko du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide