Jaiotzez santurtziarra den arren, txikitatik harreman estua izan du Amaia Irazabal aktoreak (Santurtzi, Bizkaia, 1990) Getariarekin. Gerora, bertan bizitzen ere egon zen, nahiz eta azken urteetan Donostia duen bizileku. Hainbat antzezlan, telesail eta filmetan parte hartu du, eta duela urtebetetik buru-belarri dabil Ados Teatroarekin 52 hertz obra taularatzen. Bihar, 20:00etan hasita, Modelo aretoan izango da ikusgai.
Aukeratu gabeko bakardadeaz hausnartzen du 52 hertz antzezlanak. Gai delikatua, baina oso presente dagoena gaur egungo gizartean.
Hala da, bai. Azkenean, obra honekin nahi duguna da antzokira bertaratzen den ikuslea sentsibilizatzea gai horren inguruan, eta hausnarketara bideratzea, nolabait. Gaur egun gizartean dagoen arazo bat dela ere islatu nahi dugu.
Baleen komunikatzeko soinu frekuentziari egiten dio erreferentzia izenburuak. Metaforikoki, zer-nolako presentzia izango du baleak eszenan?
Obrak kontatzen ditu hainbat pertsonaiaren bakardadearen inguruko istorioak, eta hori guztia harilkatzen duen sinbolo gisan erabiltzen da balea. Metafora bat da, baina izatez, benetako balea bat da. Hain zuzen ere, 50 urtez ari dira balizko balea horren frekuentzia atzematen, baina bere espeziearen entzumen ahalmenetik kanpoko frekuentzietan dabilenez, inork ezin du entzun, eta oraindik ez dute topatu. Beraz, balearen metafora oso egokia da gaia lotzeko, hari poetiko gisa.
Bakardadeak bost laguni eragingo die obran. Zein da zure pertsonaiaren bizipena?
Pertsonaia bat baino gehiago jokatzen ditugu emanaldian, baina nagusiki, nire pertsonaia da kanpora bizitzera joan zen neska gazte bat, herrira itzultzen denean, dena erabat aldatuta topatzen duena. Hori izango litzateke bere bakardadea. Aldaketa horretan, ez du bere lekua aurkituko eta jokoz kanpo sentituko da.
Benetako bizipenetan oinarritutako istorioak dituzue kontagai, baina ez duzue lekukotza lan bat osatu nahi izan. Nola eraiki duzue ikuskizuna?
Ikuskizuna proiektu zabalago baten parte da. Ados Teatroa konpainiak badaramatza urte batzuk giza eskubideak eszenara eramaten hainbat proiekturen bidez, eta honetan ere, bakardadearen gaia ardatz hartuta, hainbat ekintza egin ditu, hala nola tailerrak eta mikrodokumentalak, benetako bizipenetatik abiatuta. Horietatik edanez joan da eraikitzen zuzendaria obra honetan kontatu nahi zuena. Beraz, bizipen horiek oinarri hartuta, eta ondoren aktoreok geure aldetik egin izan ditugun ekarpenekin eta bidean sortu diren gauzekin borobildu dugu antzezlana.
Bizipen horiei estalki dramaturgikoa eman diozue, alegia.
Azken finean, hori da. Nahiz eta pertsona horien egoerak oso latzak eta gogorrak izan, saiatu gara balearen metaforarekin eta umorea erabiliz antzezlana gorpuzten. Arazoaren larritasuna ahaztu gabe, proposamen samurra eta atsegina egiten ahalegindu gara.
Pailazoen sudur gorri bat ere janzten duzu antzezlaneko pasarte batean. Itxaropena al da helarazi nahi duzuen mezua?
Beno, hori zuzendariaren hautu pertsonala izan zen. Antzezten dudan pertsonaia horrek zahar etxe batean egiten du lan animatzaile gisaa, eta, agian, zuzeneko helburua hori izan ez arren, ematen dio kolore ukitua eta itxaropen txiki bat. Egia da arreta pizten duela antzezlaneko zati horrek.
Duela urtebete estreinatu zenuten obra. Nolako bidea urratu du eta zer-nolako erantzuna jaso duzue?
Iaz estreinatu genuen, Donostian, urriko lehen asteburuan, eta dagoeneko emanaldi dezente egin ditugu, bai Euskal Herrian eta bai Euskal Herritik kanpo, Galizia eta Kantabria (Espainia) aldean. Egia esan, publikoaren erantzun oso ona izaten ari gara. Gainera, antzezlanaren amaieran egin izan ditugu solasaldiak eta jendeak parte hartu izan du horietan ere, animatuta, hunkituta eta galderak eginez. Azken finean, jorratzen dugun gaiak hausnarketarako aukera ematen du, eta, zentzu horretan, feedback ona izaten ari gara.
Orain dela hamar urte egin zenuen debuta Ados Teatroarekin, duela aste batzuk zendu zen Garbi Losadaren zuzendaritzapean. Zer moduzkoa izan zen berriz harekin elkartzea obra honetarako?
Garbik duela aste batzuk utzi gintuen eta oso tristea izan da bera agurtzea. Orain, guk bere obrarekin jarraitzen dugu. Nik bere Ladydi Garcia antzelanean parte hartu nuen 2016an, eta azken urte honetan berriro ere berarekin lan egitea plazer bat izan da. Gaixotasunaren azken fasean zegoen, eta oro izan da berezia guztiontzat.
Aktorearen ingurua jendez beterik dago beti. Baina sentitzen al da bakardadearen bertigoa?
Ez da nire kasua, baina gertatzen da antzokian publikoaren berotasuna jasotzea, eta etxera iritsitakoan, zure bizitzarekin jarraitzea. Izan zitekeen antzezlan honetako beste pertsonaia baten istorioa: pertsonaia oso famatu bat, jendeak ikaragarri maite duena, baina bakardadearen alde hori jasaten duena.
Eta 52 hertz antzezlanaz aparte, epe laburrera begira zer proiektu dituzu esku artean?
Momentuz, antzezlan honekin nabil buru-belarri, eta gauzatxo txikiekin ere bai, irakurraldi batzuekin. Bestalde, antzerki eskolak ematen dizkiet haurrei ikastetxeetan, eta batzuetan, helduei ere bai. Bitartean, datorrenari heltzeko prest nago.