Mintza lagun elkartearen ekimenez, bihar izango da Euskara eta biok liburuaren aurkezpen ekitaldia Zarautzen, eta bertan egongo da Andrea Bella ilustratzailea, liburuaren nondik norakoak kontatzen. Hitzordua 18:30ean hasiko da Zarauzko Etxe Zabalako aretoan, eta hau amaitzean, Euskalduna tabernan luntxa eskainiko dute. Sarrerarik ez da ordaindu beharko, eta mintzalagunek lehentasuna izango dute bertaratzean.
Ekitaldiaren muinean egongo da Andrea Bella ilustratzaileak eta Ainize Madariaga idazleak elkarlanean argitaratutako liburua, Euskara eta biok izenekoa. Bertan, Bellak, euskararekin duen harremana kontatzen da, bidaia osoan zehar egindako ilustrazioen bitartez. Uruguaitik Euskal Herrira iristeko egin zuen bidaia, marrazkiz kontatu du ilustratzaile Uruguaitarrak, eta ilustrazio hauei hitzak jarri dizkio Madariaga idazle senpertarrak.