Hodei Esteban: "Ilusioak bultzatuta bilatu ditugu diskorako kolaborazioak"

Eneko Eizagirre Perez

Occhi di Farfalla taldeko kideak. (Utzitakoa)

Miren Aranguren (Arre, Nafarroa, 1981) eta Hodei Esteban (Zarautz, 1983) Occhi di Farfalla taldeko kideak dira. Hainbat urteko isiltasuna hautsiz, bost kantuko 'Azkura' diskoarekin itzuli dira.

Hainbat urtez taldea alde batera utzita izan duzue. Zerekin itzuli zarete orain?

Miren Aranguren: Bost kantu berriz osatutako diskoarekin itzuli da taldea. Aspalditik bueltaka genituen ideia batzuei forma eman diegu Azkura izeneko lan berri hau osatzeko. Hala ere, momentu batean zalantzak izan genituen, proiektuarekin jarraitu ala ez. Izan ere, bost taldekideetatik bi Mallorcan [Herrialde Katalanak] bizi dira eta distantziarekinn oso zaila izaten da abestiak sortzea. Hala ere, abesti zirriborro batzuk gordeta genituen, eta gure azken lana izango al den jakin gabe, kantu hauek grabatzea erabaki genuen.

Hodei Esteban: Occhi di Farfalla boladaka funtzionatzen duen proiektua dela esango nuke. Konposatzeko elkartu, diskoa grabatu, kontzertuak eman, eta ondoren, atseden tarte bat hartzen dugu. Aurreko diskoarekin, boskote gisa lan egitean, jarraikortasun bat lortu genuela iruditzen zaigu. Hala ere, bizitzako egoerak direla eta, denbora asko egon ginen elkartu gabe azken bira amaitu ostean. Horregatik, taldearen etorkizunari buruz hitz egiteko elkartu ginen, eta konturatu ginen guztiok nahi genuela kantu berriak sortzea. Horren harira konposatu genuen Azkura.

Nolakoa izan da kantuak sortzeko prozesua?

H.E.: Ez da erraza izaten kantuak konposatzea taldekideak elkarrengandik urruti egonda, baina hala ere, aurkitu ditugu lan egiteko bideak. Taldekide guztiok dakigu ordenagailuarekin konposatzen eta maketa txikiak grabatzen. Horrela jardun gara lanean; bakoitzak bere ideiak grabatzen zituen bere kabuz, eta gainontzekoekin partekatzean, besteek beren nortasuna ematen zioten zati bakoitzari.

M.A.: Maketa horietan oinarrituta, estudioan sartu aurretik pare bat entsegu egin genituen eta horietatik ere atera ziren pare bat kantu. Horrela aritu gara lanean, etxeko eta estudioko mateken gainean ideiak gehitzen. Kantuaren azken fasean sartzen genituen hitzak; izan ere, konposizio osoan gehien kostatzen zaigun zatia da hori.

H.E.: Esan genezake disko hau izan dela egin dugun kolektiboena, guztion parte hartzea nahiko parekoa izan baita. Kide batek ideia bat proposatzen zuenean, hari uzten genion kantuaren nondik norakoa gidatzen, berak baitzeukan argien nolakoa izango zen amaierako emaitza. Lan egiteko modu horrekin osatu ditugu bost kantuak.

Kolaborazioz betetako diskoa da Azkura. Prozesuaren zein unetan gehitu zenituzten elkarlanak?

H.E.: Kolaborazioak azken unean sartzen dira. Kantuak amaitu aurretik entzuterakoan, burura etortzen zitzaizkigun tarte horietan ongi geratuko liratekeen ahotsak. Ilusioak bultzatzen gintuen kolaborazioak bilatzera, maite ditugun musikariekin denbora parketatzea asko gustatzen zaigu.

M.A.: Lagunekin kolaborazioak egitea oso atsegina da, harreman naturaletatik ateratako elkarlanak izaten dira gehienetan. Andrea Lopetegiren eta Amaia Gabilondoren kasuan, oso gustura ibili ginen haiekin kantuak sortzen. Anariri kolaborazioa planteatzeak lotsa puntu bat ematen bazigun ere, ilusio handiz jaso zuen gure proposamena, eta pare bat entsegurekin, etxean grabatu genuen kantua elkarrekin.

H.E.: Distantziarekin lana egitera ohituta, guretzat erreferente diren musikariekin denbora igarotzeko aitzakia bihurtzen ditugu kantuetako kolaborazioak.

Euskarri fisikoan ere atera duzue diskoa. Garrantzitsua al da zuentzat?

M.A.: Errealitatea da musika entzule ia gehienek streaming bidez gozatzen dutela musikaz. Gainera, diskoa euskarri fisikoan ateratzeak badu bere arriskua. Horregatik izan genituen zalantzak erabaki horren inguruan.

H. E.: Zalantzak izan arren, kantuak sortzen ari ginela ikusi genuen gure lanaren aztarna fisikoa utzi nahi genuela eta kantuak plataformez haratago gorde nahi genituela. Taldekideon musika biniloetan entzutea maite dugu eta gure kantuak horrela gozatzeak ilusioz betetzen gintuen.

M.A.: Horrez gain, eta hau gure azken lana izango ote den oso ziur jakin gabe, pena handia emango liguke azken diskoaren aztarna fisikorik ez uzteak. Apustua handia bada ere, Azkura hamabi hatzbeteko biniloan eta CDan saltzea erabaki dugu.

Kantuak alde batera utzita, diskoaren azalak ere nortasun handia du. Zein da argazki horren istorioa?

M.A.: Esan bezala, taldearen bueltan familia antzeko zerbait osatzea lortu dugu. Nahiz eta instrumenturik ez jo, Teresa Yuga argazkilaria ere taldearen parte da. Bere lanen artean, Zarauzko hodartzan atera zuen argazki batek gure arreta piztu zuen eta irudi hori lan berri honen azala izatea nahi genuen. Argazkiko emakumeari diskoaren azaleko protagonista izateko baimena eskatu nahi genion, eta harekin harremanetan jartzen saiatu ginen horretarako.

H. E.: Tabernari baten bitartez lortu genuen berarekin kontaktatzea, eta egoera azaldu ondoren, oso gustura onartu zuen gure proposamena. Orain, azaleko argazkiaren protagonista izateaz gain, kalean elkar agurtzen dugun ezagunak ere bagara.

Diskoa aurkezteko hainbat hitzordu antolatu dituzue. Zergatik aukeratu duzue formatu txikian aurkeztea?

H.E.: Aurkezpen kontzertuetan pentsatzen hasi ginenean, zerbait berezia egitea erabaki genuen. Prentsaurreko handirik egin gabe, gertuko lagunekin hitzordu txikiak antolatzea erabaki genuen. Jateko eta edateko zerbaiten bueltan, formatu akustikoan pare bat kanta jotzeko plana egin nahi izan dugu aurkezpenetan.

M.A.: Lagunei eskertzeko modu bat iruditzen zaigu horrelako festa txikiak antolatzea. Guretzat garrantzitsua da prozesuaren parte izan diren pertsonei eskerrak ematea eta kantu berrien bueltan hitzordu atseginak osatzea. Larunbatean, Mallorcan izan ginen binilo denda batean diskoa aurkezten, eta Donostiako Egia Records musika dendan eta Zarauzko Marina Txikin egigno ditugu datozen aurkezpenak.

Aurrerago aurkeztuko ditugu kantuak kontzertu handiagoetan, baina zerbait txikiagoa egitea ere oso gustuko dugu. Aurrera begira, apirilean gure zazpigarren Europako biran murgilduko gara, eta hainbat hiritan aurkeztuko ditugu gure kantuak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide