Teoria ausarta garatu du Jose Mari Ertzilla mediku eta historiazale oriotarrak: Kristobal Kolon euskalduna eta agotea zela, zehazki, Nafarroa Beherean jaioa. Horretarako, medikuntza forentsean eta dokumentu historikoetan oinarritu da, eta bere teoria sarean aurki daiteke, Galiziako Mediku Forentseen Elkartearen aldizkarian. Epe laburrean lan guztia liburu batean argitaratzea da Ertzillaren helburua.
Zergatik ari zara Kristobal Kolon ikertzen?
Txikitan, aitak historia liburu asko irakurtzen zizkigun anaiari eta bioi. Kristobal Koloni buruz gauza asko nituen irakurriak, eta agoteei buruz ere bai, emaztea Elizondokoa [Nafarroa] nuelako. Gerora, Granadako Unibertsitateko Jose Antonio Lorente katedraduna hasi zen Kolonen hilobitik hezurrak ateratzen eta analisi forentseak eta genetikoak egiten; eta emaitza forentseak ikusi nituenean, konturatu nintzen agoteen ezaugarri eta gaixotasun berberak zituela. Orduan hasi nintzen, duela lauzpabost urte, paralelismo hori egiten: Kristobal Kolon eta agoteak. Hasieran, pentsatzen nuen erotuta nengoela, baina ikertzen aritu naiz, eta argi ikusi dut guztia.
Zergatik?
Nik frogatu dut Kolonek HLAB27 antigenoa daukala, eta antigeno horren histokonpatibilitate positiboa ere bai, hamabost ezaugarri genetiko zehatz behar direlako [agoteen] gaixotasunak agertzeko pertsona batengan. Horrez gain, lehenik publikatuta zegoen kolondarrak genetikoki R1B haplotaldekoak zirela –Atlantikoko haplotaldea da, eta Euskal Herrikoa–, eta Kolonek beste haplotalde bat ere badauka, G2a, neolitokoa. Hartu ditut datu horiek denak, eta begiratu dut Europan non dauden ezaugarri horiek betetzen dituztenak. Bi tokitan daude: mendebaldeko Mediterraneoan, eta Akitanian, euskal Gaskoinian. Granadan hogei urte daramatzate analisi genetikoak egiten, eta esan dute Kolon mendebaldeko Mediterraneokoa zela, eta beraz, kataluniarra edo valentziarra izan behar zuela. Nik diot ezetz; jatorria hori izanik ere, haren aurrekoek Frantziatik migrazioa egin zutela Euskal Herrira.
Euskal herritarra zen, beraz?
Hori baieztatzeko lauzpabost arrazoi inportanteenak kontatuko ditut. Aurrenekoa, aipatutako arrazoi zientifikoak dira, eta horiek irakurgai daude Interneten, Galiziako Mediku Forentseen Elkartearen webgunean. Bigarren arrazoia ingurua da. Lau bidaia egin zituen Kolonek Ameriketara, guztietan euskal izenak dituzten ontzietan, eta denetan euskaldunez inguratuta. Bigarren espedizioan hamazazpi ontzi zituen, baina berak gaskoiena aukeratu zuen, berea, Pasaiako Maria Galanta ontzia. Bere eskutitzetan, esaterako, Hondarribia da gehien aipatzen duen herria. Eta itsasoan zer hizkuntza erabiltzen zuen? Bi aukera zeuden, parla mediterranea eta parla atlantica deiturikoak. Espainiako militar batek egin zuen ikerketa, eta hark esan zuen Kolonek hitz egiten zuela "la parla navarresca o bayonesa que utilizaban los pilotos vascos". Haren janzkeraz ere egin zuten ikerketa Espainiako hiru akademikok, eta esan zuten "kapusai bizkaitarra" janzten zuela, alegia, marinel eta artzain euskaldunek eramaten zuten jantzi luze ilun bat, kaputxaduna, euritik babesteko.
Bidaietan euskaldunez inguratuta egon zela diozu.
Bigarren bidaia izan zen garrantzitsuena: 1.500 pertsona joan ziren berarekin hamazazpi ontzitan, eta nor jarri zituen nagusi Ameriketan? Denak euskaldunak. Baita hango hiru meatzeak gobernatzen ere. Janariaz arduratzen zena ere –kargu garrantzitsua benetan– euskalduna zen, baita bere idazkari pertsonala ere. Kolonen kortea ere hamar gizon euskaldunek osatu zuten. Bigarren bidaiatik Espainiara bere urrea eta berak han irabazitako guztia eramateko ardura beste euskaldun bati eman zion, Sebastian Olano azkoitiarrari. Bere emazteek ere Nafarroa Beherearekin lotura zuten. Horrela, zerrenda luzea osa nezake.
Zer esan dezakezu Nafarroa Behereko jatorriaz?
1350 eta 1415 urteen arteko Nafarroako errege erroldaren arabera, Kolondarrak Ostabat herrian zeuden, Nafarroa Beherean. Done Jakue bideko puntu garrantzitsua da, Frantziako Done Jakue bide guztiak horra iristen direlako. Donibane Garaziko notario akta batean ere ageri dira Ostabateko kolondarrak, agote gisa. Beraz, nire teoriak ez dauka soilik oinarri zientifikoa, oinarri historikoa ere badu. Beste xehetasun bat: Kolon kanonizatu nahi izan zuten, eta eskaera hori Bordeleko [Frantzia] artzapezpikuak egin zuen, Kolon bere elizbarrutikotzat zeukalako hark.
Armarriak ere aztertu dituzu.
Bai. Berak erabili zituen armarri edo blasoi guztiak Iparraldekoak eta Nafarroa Beherekoak dira. Horiei begiratuta bakarrik dago esatea Kristobal Kolon hemengoa zela. Horri gehitu behar zaio toponimia. Ameriketan kontatu ditut 53 toponimo, euskaldun zein gaskoi, Done Jakue bidean asko agertzen direnak.
Sarean denbora darama zure teoriak. Zer harrera izan du?
Aldizkariko zuzendariak artikulua publikatu zuen oso interesgarria iruditu zitzaiolako, baina abisatu zidan kritika mordoa jasoko nuela eta prestatzeko nire burua defendatzeko. Baina inor ez da agertu kontra egiten, eta niretzat, isiltasun hori garaipen bat da.
Bibliografian oinarritu zara zure baieztapenak egiteko. Zergatik orain arte inork ez ditu ikerketa horiek egin edo datu horiek azaleratu?
Kolon Espainiako inperioaren parte da: Amerikaren aurkikuntza, Granadaren konkista, Errekonkistaren amaiera, Guardia Zibila... dena lotuta dago. Ez dute Espainiako historia aldatzerik nahi, ez dago interesik. Hortaz, hau guztia Frantziako adituei bidaltzea da nire asmoa.