Andoni Egañak jantziko dio txapela Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren irabazleari

Julene Frantzesena

Andoni Egaña. (Bertsozale Elkartea)

Abenduaren 20an, igandez, izango da finala, Iruñean, Nafarroa Arenan. 1980ko hamarkadan hasi zen bertsotan zarauztarra, eta Euskal Herriko lau txapel ditu; historian txapel gehien bildu dituen bertsolaria da. Aurten, berak jantziko dio txapela garaileari.

Andoni Egañak jantziko dio txapela Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako irabazleari. Lautan txapelketa horretako txapela jantzia da zarauztarra, eta aurten berak jantziko dio finalean nagusitzen den bertsolariari. Abenduaren 20an, igandez, izango da finala, Iruñean, Nafarroa Arenan.

1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen bertsotan Egaña, eta estrainekoz 1982an abestu zuen plazan, Zarautzen, Lizardi sariketan. Irabazi egin zuen edizio hura, gainera. 1985ean hasi zen txapelketetan parte hartzen, Gipuzkoako lehian aritu zen, eta han egindako lana tarteko, 1986ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako txartela eskuratu zuen.

Egaña bera da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapel gehien irabazi dituen bertsolaria: 1993an, 1997an, 2001ean eta 2005ean izan zen garaile. Gainera, orotara, zazpi finaletan kantatu du. Bertsolaria da Egaña, baina beste hainbat lanetan ere aritu da bertsogintzan: gai jartzaile, doinu sortzaile, moldatzaile eta ikertzaile.

Horrez gain, Euskal Ikasketetan lizentziatua da, eta euskaltzain urgazle ere bai, 2006tik. Urte hartan bertan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen, eta berak idatzi zuen, halaber, 2001eko Korrikaren 12. edizioan lekukoaren barneko testua; izan ere, urte hartan bertsolaritza eta Bertsozale Elkartea omendu zituen AEK-k.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide