Gizon bat atxilotu dute goizaldean, taberna batean lapurreta egitea leporatuta

Aritz Mutiozabal

Ertzaintzaren autoa. (utzitakoa)

02:30 aldera atzeman dute Ertzaintzako agenteek 31 urteko gizona ostalaritza-establezimenduko lokal barruan. Eraikinaren fatxada eskalatu ondoren indarrez sartu da leihotik.

Ertzaintzak 31 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Zarautzen, taberna bateko leihoa behartu eta barruan lapurreta egitea leporatuta. Goizaldeko 02:30 aldera izan da gertakaria, eta ostalaritza-establezimenduko alarmak Ertzaintzari abisua eman bezain pronto, zaintza lanetan ari zen patruila bat berehala bertaratu da. Agenteek pertsona bat ikusi dute lokal barruan, eta egiaztatu dute eraikinaren fatxada eskalatu ondoren sartu dela leihotik.

Susmagarria identifikatu egin dute, eta indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dute; aurretik hamalau aldiz atxilotu izan dutela jakinarazi du Segurtasun sailak. Atxilotu ondoren, Ertzain etxera eraman dute beharrezko izapideak egitera, jarrain agintari judizialaren eskuetan jartzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide