Zarauztarrek kantuan ospatuko dute Santa Zezilia eguna

Enara Ariznabarreta

Iazko Musikalean. (Aritz Mutiozabal)

Musika eskolako ikasleek eta irakasleek Musikalean egitasmoa egingo dute etzi, 17:30ean hasita, herrian barna. Larunbatean, Zarautz Abesbatzako bi talde gazteenek kantu saioa eskainiko dute, eta igandean, herriko abesbatzak kalejiran arituko dira, Imanol Urbietaren heriotzaren 10. urteurrena gogoratuz.

Igandean da Santa Zezilia, musikarien eguna, eta beste urte batez, ildo ezberdinetako herriko musikari eta abeslariak kalera aterako dira, kaleak doinu ederrez girotzera.

Ostegun honetan, ohiturari jarraiki, Imanol Urbieta udal musika eskolako ikasleak eta irakasleak kalera aterako dira festara, Musikalean egitasmoaren barruan. 17:30ean abiatuko dira bi kalejirak musika eskolatik. Lehenengo kalejiran txistu, trikiti, pandero, gitarra, tailerreko eta solfeoko ikasleak arituko dira, eta herriko hainbat txoko zeharkatuko dituzte. Esaterako, tren geltokiko lurpeko pasabidea, Amalur parkea, Paxo pasabidea, San Frantzisko kalea, Lege Zaharren Enparantza eta Musika Plaza.

Bigarrenean, berriz, haizeko musika tresnek eta perkusioak izango dute protagonismoa, eta Zigordia kalea, San Frantzisko kalea eta Kale Nagusia zeharkatuko dituzte, Musika Plazara iritsi arte. Bertan, denek batera abestuko dute, eta jarraian, bolondresei esker, txokolatea dastatzeko aukera izango da. Eguraldi txarra egiten badu, musika eskolako aterpean ospatuko da jaialdia.

Larunbatean, hilak 21, Zarautz Abesbatzako bi talde gazteek kantu saioa eskainiko dute. 17:30ean hasita, Leire Dominguezek gidatutako Txinpirin abesbatza, eta Jaione Eskuderok zuzendutako Zarazte abesbatza Musika Plazako kioskora igoko dira.

Santa Zezilia Egunari goizean goizetik emango diote hasieta, eta, Goizeko Ihintza eta herriko txistulariez gozatzeko aukera izango da. 12:30ean, herriko abesbatza, kantu talde eta txistulariekin batera, kalez kale arituko da Imanol Urbietaren sei abesti ezagun abesten: Agur Herria, Gernika Aldera, Alabatik Arabara, Herriko Jatorrak, Trikitilariak eta Elkar Gaitezen. Aurten, Imanol Urbieta musikari, pedagogo eta herritarraren heriotzaren 10. urteurrenean, gogoan izango dute zarauztarra.

Entsegu orokorrak

Entsegu orokorrak bihar eta etzi izango dira Santa Klaran, 19:30ean hasita. Antolakuntzak jakitera eman duenez, kantuak ezagutzen dituen eta parte hartu nahi duen oro gerturatu daitekeela entsegu egunetara.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide