ZKE Halterofiliako emakumezkoen taldeak Espainiako Kopako finalerako sailkapen historikoa lortu du

Eneko Eizagirre Perez

ZKE Halterofiliako kirolariak Zaragozan. (Utzitakoa)

Lide Mendizabalek eta Ainhoa Urkiolak maila bikaina erakutsi zuten asteburuan Zaragozan, eta Espainiako Erreginaren Kopako finalean parte hartzeko txartela eskuratu dute ZKE Halterofiliako kirolariek bigarren urtez jarraian. Azaroaren 28an Zarautzen jokatuko duten Espainiako Kopako finalean izango dira pultsolari zarauztarrak.

Zaragozan izan zen asteburuan Espainiako Erreginaren Kopako finalera sailkatzeko igoera fasea, eta ZKE Halterofiliako emakumeen taldeko kirolariak han aritu ziren lehian. Lide Mendizabal eta Ainhoa Urkiola maila bikainean aritu ziren; izan ere, 1108,3 puntu batuta, laugarren postu historikoa eskuratu zuten pultsolari zarauztarre. Emaitza hori tarteko, azaroaren 28an etxean jokatuko duten finalera sailkatzea lortu zuten. Bigarren urtez jarraian jardungo dute hitzordu garrantzitsu horretan bi kirolariek. 

Mendizabalek eskuratu zuen bere txandako urrezko domina, 172 kiloko total olinpikoa altxatuta; 75 kilo arrankadan eta 97 kilo bi denboratan. Hark 263,804 sinclair puntu batu zituen. Urkiolak ere maila handia erakutsi zuen, podiumeko hirugarren postua eskuratu baitzuen 167 kiloko totala altxatuta –horietatik 74 kilo arrankadan eta 93 kilo bi denboratan altxatu zituen–; 214,962 sinclair puntu eskuratu zituen hark.

Gainontzeko kirolariek egindako lana ere modu oso positiboan baloratu du klubak, eta taldea bizitzen ari den momentu historikoa azpimarratu du; izan ere, bigarren aldiz eskuratu du taldeak finalerako txartela. Azaroaren 28an Zarautzen izango da Espainiako Erreginaren Kopako finala.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide