Txingarra Energia Komunitatea aurkeztuko dute etzi, Etxezabalan

Enara Ariznabarreta

Energia berriztagarria. (Pixabay)

Aurkezpena etzi egingo dute, 19:30ean, Etxezabala aretoan. Energia berriztagarrien ekoizpen eta kontsumo arduratsua sustatzea, eta herriko energia-kalteberatasun egoerak saihesten laguntzea ditu helburu komunitateak, besteak beste.

Zarautzek energia komunitatea du: Txingarra, Zarauzko Energia Komunitatea. Etzi, hilak 18, egingo dute herritarrei aurkezteko saioa, 19:30ean, Etxezabala aretoan. Topaketan, komunitatearen helburuak eta lantzen ari diren proiektuak azalduko dituzte, eta herritarrek komunitatea ezagutzeko eta bertan parte hartzeko aukera izango dute.

Txingarraren sorrera energiaren inguruko kezka zuen herritar talde baten ekimenetik dator. Iaz hasi ziren elkartzen, Zarautzen gai horren inguruan urratsak emateko beharra ikusten zutelako. Inguruko beste herri batzuetan energia komunitateak sortu direla ikusita, Zarautzen ere antzeko ekimen bat abiatzea erabaki zuten. Hori horrela, martxoan eratu zuten elkartea.

Txingarrak hiru helburu nagusi ditu: Zarautzen energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumo arduratsu eta jasangarria sustatzea, herritarren artean jasangarritasun energetikoaren kultura indartzea, eta herrian energia-kalteberatasun egoerak saihesten laguntzea. Lehen urrats modura, energia-kontsumo partekaturako aukerak lantzen ari dira herriko hainbat eragilerekin, eredu bat sortu eta herrian zabaltzeko. Horretarako, energia berriztagarrien instalazio berriak jarri aurretik, dagoeneko martxan dauden instalazioei ahalik eta etekin handiena ateratzea izango dute helburu.

Komunitateko kideek herritar guztei luzatu die aurkezpenera hurbiltzeko gonbita, energia komunitatea ezagutu eta bertan parte hartzeko lehen harremana egiteko aukera izan dezaten.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide