Asteburu bikaina izan da futboleko gizonezkoen lehen taldearentzat, izan ere, hiru puntu ekarri dituzte etxera. Emakumezkoen taldeak, berriz, ezin izan dio garaipenen boladari eutsi, eta ezin izan zituzten asko borrokatutako puntuak eskuratu. Aitzitik, gizonezkoek maila bikaina erakutsi zuten Elgoibarren futbol zelaian.
Gizonezko lehen taldeari dagokionez, gogor borrokatu zuten partidua, eta Elgoibar garaitzea lortu zuten, markagailua 0-1 itxiz. Jon Peñagarikano jokalariaren hitzetan, denboraldi ona egiten ari diren arren, Elgoibarren zelaia "nahiko zaila" egiten zaie beti, eta asteburu honetan ere hala izan da. Gogorarazi du goian egon nahi badute jardunaldi guztiak borrokatu behar dituztela, "etxean zein kanpoan". Zarauztarrek oso ondo hasi zuten norgehiagoka, eta lehen minutuetan gola sartzea lortu zuten. Partiduak eskatzen zuena emateko gai izan ziren eta lehen zatia aurretik amaitu zuten. Bigarren zatian garaipena mantentzea lortu zuten, baina asko sufritutakoa izan zen. Peñagarikanok nabarmendu du aurrean asmatzen ari direla, eta defentsiboki ere ondo dabiltzala.
Larunbatean jokatu zuen partidua emakumezkoen lehen taldeak, eta ez zuen Intxaurdi KE garaitzea lortu. Etxean jokatutakoa partidu parekatua izan arren, aurkariek aukerak aprobetxatu zituzten, eta 0-2 markagailuarekin itxi zuten norgehiagoka.
Hala ere, maila bikaina erakusten ari dira Zarauzko bi taldeak, eta datorren asteko partiduetan aldeko emaitza hauek mantentzeko helburuarekin jarraituko dute.