Munduko Surf Txapelketatik kanpo geratu dira Erostarbe eta Vitoria

Intza Trula

Nadia Erostarbe, Munduko Surf Txapelketako bigarren aukerako bosgarren kanporaketan. (Surf 30)

Biak ala biak bigarren aukerako bosgarren kanporaketan egin dute huts. Vitoria ostiralean geratu zen txapelketatik kanpo, eta Erostarbek gaur agurtu du lehia.

Amaitu da aurtengo Munduko Surf Txapelketa Nadia Erostarbe eta Ruben Vitoria surflari zarauztarrentzat. Biak ala biak bigarren aukerako bosgarren kanporaketan geratu dira kanpoan, hain justu ere.

Vitoria izan zen kanpoan geratzen lehena. Ostiralean jokatu zuen bigarren aukerako bosgarren kanporaketa, eta bere txandan hirugarren postuan sailkatu zen. Orotara, 7,50 puntu bildu zituen zarauztarrak, baina, tamalez, emaitza hori ez zen nahikoa izan aurrera egiteko.

Erostarbek gaur agurtu du munduko txapelketa. Bigarren aukerako bosgarren kanporaketan lehiatu da bera ere, eta puntuak biltzeko ahaleginak egin dituen arren, nahi baino maila apalagoa erakutsi du. 11,84 puntu bildu, eta bere txandan azken postuan sailkatu da. Une honetan ari dira jokatzen final handia, eta bertan lehiatzen ari da Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarra.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide