Memoriaren Nazioarteko Eguna izan zen pasa den azaroaren 10ean, eta gaur, igandea, egunari lotutako ekitaldia egin dute Arrosategi parkean. "Indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratu eta aitortzeko" elkartu dira Zarauzko Udaleko udal talde guztietako zinegotziak eta herritarrak.
Ekitaldiaren hasieran, Xabier Txurruka alkateak udal talde guztiek adostutako manifestua irakurri du, euskaraz. Jarraian, idatzi bera irakurri du Inaxio Illarramendi PSE-EEko zinegotziak, gazteleraz.
Hauxe da irakurri duten manifestua:
"Beste urte batez, memoriaren espazio honetan, indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratu eta aitortzeko elkartu gara.
Memoriak oinarrizko zutabea izan behar du indarkeriarik ezan, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan, eta giza eskubideen defentsan, babesean eta berme eraginkorrean oinarritutako bizikidetza ereduan.
Ezin ditugu, ez dugu behar, ez ditugu biktimak ahaztu nahi, memoria baita bermerik onena berriro ez gertatzeko. Gutako bakoitza, ahaztu behar ez dituen gizarte baten parte gara. Eta gizarte honen ordezkari garenok erantzukizuna dugu gertatutakoa ahaztu ez dadin.
Biktimak dira indarkeriaren eta terrorismoaren min, sufrimendu eta bidegabekeria erradikalenaren ordezkari.
Indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiei, gure oroitzapena.
Gaur hemen, biktimak, herritarrak eta Udala osatzen dugun udal talde guztiak gaude ordezkatuta. Espazio berean eta helburu berarekin: Bizikidetza eta elkarbizitza indartu, motibazio politikoaren biktima guztiei gure elkartasuna helarazi eta egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzea helburuen alde lan egiten jarraitu.
Udalak aurten garatzen ari den aitortza ekimenen esparruan, gaur oroimen berezi bat eskaini nahi diegu torturak eta tratu txarrak jasan dituzten pertsonei.
Eusko Jaurlaritzaren 2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Planaren arabera, "tortura da izan daitekeen giza eskubideen urraketarik gaitzesgarrienetako bat. Egingarria da atxilotuekiko tratua kontroletik salbuetsita gera daitezkeen espazio eta denboretan gertatzen delako. Opakutasunak zigorgabetasun baldintzak sortzen ditu, eta zigorgabetasunak praktika mota horiek egiteko baldintza egokiak eragiten ditu".
Horregatik, gaur tortura eta tratu txarrak jasan zenituzten pertsona guztiei zuzentzen gatzaizkizue, pairatu zenuten sufrimenduaren aitortza argi eta zintzoa helarazteko. Badakigu zuen osotasun fisiko eta moralaren urraketa urteetan zehar areagotu egin zela auzitegien aurreko sinesgarritasun faltagatik, utzikeria psikologikoagatik eta aitortza eta erreparazio-esparru orotatik kanpo utzi zintuzten babesgabetasun instituzionalagatik. Inolako Estatu-arrazoik edo helburu politikok ezin du inoiz justifikatu giza eskubideen urraketa.
Egin zizueten kalte bidegabe eta konponezina gogoratzen dugu, inoiz gertatu behar ez zuen sufrimendua. Oroimen-keinu hau, Udal honek zuen duintasunarekin duen konpromiso irmoan oinarritzen da, bai eta etorkizuneko belaunaldiek gertatutakoa ezagutuko dutela bermatzeko nahian ere. Giza eskubideen urraketa guztien aitortza osotik eta berriz ez gertatzeko berme irmoenetik soilik eraiki ahal izango dugu bizikidetza bidezko, demokratiko eta bakezkoa.
Memoriaren ekitaldi honetan, ondoren, oroimenerako, hausnarketarako, biktimen sentimendu eta bizipenetara gerturatzeko, bost minutuko isilunea egingo dugu, ondoren, lore eskaintza egingo dugu eta azkenik Memoriaren Liburuan idatziko dugu".
Manifestuaren irakurketaren ondoren, bost minutuko isilunea egin dute. Ohikoa den moduan, isilunearen ondoren lore eskaintza egin dute biktimak gogoratzen dituen zuhaitzaren aurrean. Lehendabizi udal ordezkariek egin dute, eta jarraian herritarrek. Ekitaldia amaitzeko, memoriaren liburuan idatzi dute.