Nadia Erostarbe eta Ruben Vitoria surflari zarauztarrak dena ematen ari dira egunotan Punta Rocasen (Peru) jokatzen ari diren Munduko Surf Txapelketan. Azaroaren hasieran abiatutako lehian parte hartzen ari dira, eta apurka-apurka kanporaketak gainditzen ari dira biak ala biak.
Philippines Pro txapelketatik zuzenean heldu zen Erostarbe Perura, eta egokitzeko egun batzuk hartu ostean, atzo sartu zen lehen aldiz uretara, lehiatzera. Kana Nakashio japoniarra eta Lucia Indurain argentinarra izan zituen aurrez aurre bere txandan, eta hiruetatik bigarren puntuaziorik altuena eskuratu zuen zarauztarrak. Izan ere, Nakashio 11,2 punturekin sailkatu zen lehen postuan, Erostarbek 10,23 puntu bildu zituen, eta Lucia Indurainek 4,8.
Vitoria ere aurrera egiten ari da, baina bigarren aukerako proben bitartez. Txapelketa nagusiko proban kale egin ondoren, bigarren aukeran 8,40ko emaitza lortu zuen. Horri esker, bosgarren txandarako txartela lortu zuen.