Arrasatearra (Gipuzkoa) da sortzez, baina 25 urte zituenetik Zarautzen bizi da Goizane Arana. Bizitza ia erdia herrian badarama ere, oso denbagoiendarra dela dio. "Han ditut familia eta betiko kuadrilla, baina, aldi berean, Zarautz ere nire parte da. Beraz, esan dezaket identitate bikoitza dudala, zarauztartuta bainago, oso errotuta herrian". Askok ezagutuko dute euskalgintzaren inguruan aritu delako beti buru-belarri, eta gaur egun Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) euskara teknikari lanetan diharduelako.
"Nire ibilbide profesionala euskalgintzaren bueltan egin dut. Nik uste dut nire DNAn txertatuta daukala euskalduntasuna. Oso presente izan dut nire bizitza osoan, agian familiatik jaso dudalako", nabarmendu du. Haur Hezkuntza, Gizarte Hezkuntza eta Kulturarteko ikasketak egin zituen, hurrenez hurren, baina euskara irakatsi nahi zuela eta, AEK euskaltegian hasi zen lanean, "ez zekiten horiei eta zetozen horiei euskara transmititzeko asmoz". Arrasaten hasi eta Zarautzen jarraitu zuen, eta hamar urte egin zituen horretan.
Aldaketa baten beharra zuela ikusita, UEMAko lan poltsara aurkeztu zen, eta gerora hasi zen erakunde horretan lanean. Hamahiru urte daramatza UEMAn, eta gaur egun hango teknikarien arduraduna da: "Kanpora begira baino gehiago, barruko lanak koordinatzeaz arduratzen naiz". Horrez gain, UEMAko zerbitzuak eskaintzen aritzen da Urola Kostako herrietan; Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udalerrieetan, alegia. "Euskara zerbitzua duten udaletako Euskara sailarekin aritzen naiz elkarlanean, UEMAren proiektuak lantzen", gaineratu du. Era berean, turismoak duen eragin linguistikoaren ebaluzioa egiteko proiektuaren ardura ere badu.
UEMAk Lurralde Estrategia izeneko dokumentua garatu du, hizkuntza politikan eta euskararen indarberritze prozesuan norabide aldaketa proposatuz. Horren baitan, herritarren aktibazioa sustatzen ari dira herriz herri, Esnatu dinamikaren bidez. Dinamikaren Zarauzko aurkezpen bileran Arana aritu zen solasean, eta honakoa adierazi du egitasmoaren helburuaz: "Herritarrak interpelatu nahi ditugu –eta bereziki eragileak eta elkarteak–, eta esan nahi diegu politikariei badagokiela beren lana egitea, baina goazen gu ere gaia arduraz hartzera. Horretarako, har ditzatela konpromisoak Zarautz, Urola Kosta, gure herriak euskaldun izaten jarrai dezaten". •