Azaroaren 25a

Berdintasun sailak hainbat jarduera antolatu ditu azaroaren 25aren harira

Enara Ariznabarreta

Zarauzko Udaleko Berdintasun Saila. (Zarauzko Udala)

Azaroaren 25aren harira, udaleko Berdintasun sailak zinema saio bat, hitzaldi bat eta ikasleentzako tailerrak antolatu ditu. Honen helburua pornografia kontsumoak nerabeengan duen eraginaz hausnartzeko eta begirada kritikoa sustatzeko helburua izango du.

Azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak jarduera-programa bat antolatu du pornografiak gazteen artean, bereziki adingabeen artean, sexualitatearen eta harreman afektibo-sexualen eraikuntzan duen eragina aztertzeko. Egitarauak zinema, hitzaldiak eta ikasleentzako tailerrak bilduko ditu, gazteak ez ezik, familiak eta herritarrak ere gaiaren inguruko gogoetan inplikatzeko.

Egitaraua datorren ostegunean hasiko da, hilak 19, Truly Naked filmaren emanaldiarekin. Muriel d'Ansembourgek zuzendutako lana 19:00etan proiektatuko dute Modelo aretoan, eta nerabezaroa, pornografia, sexualitatea, desioaren eraikuntza, intimitatea eta harremanak izango dira izpide. Saioa 18 urtetik gorakoentzat izango da, doan aforoa bete arte.

Azaroaren 26an, berriz, Daniel Ribeirok hitzaldia eskainiko du Emakumeen* Etxean, 18:30ean. Amar Dragoste elkarteko kideak pornografiaren kontsumoarekiko mendekotasunaren inguruko esperientzia pertsonala du, eta gaur egun errealitate horren inguruan sentsibilizazio- eta kontzientziazio-lanean dihardu. Hori horrela, hitzaldian pornografiari, emakumeen sexualizazioari eta horiek nerabeen sexualitatearen eraikuntzan duten eraginari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatuko du. Halaber, saio hau ere doakoa eta herritar guztiei irekia izango da.

Ikasleentzako saioak eta tailerrak

Hezkuntzak ere bere lekua izango du izango du egitarauan. Azaroaren 26an eta 27an, Daniel Ribeirok DBHko 3. eta 4. mailako, Batxilergoko eta erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleei zuzendutako saioak eskainiko ditu Modelon. Jarduera honetan herriko bost ikastetxek hartuko dute parte: Oteitza, Irudika, Salbatore Mitxelena Ikastola, Antoniano eta La Salle. Antolakuntzak 725 ikasle inguruk parte hartzea aurreikusten dute.

Saioetan, besteak beste, emakumeen gorputzen objektualizazioa, pornografiak transmititzen dituen sexu- eta genero-ereduak eta sexu-esplotazioaren eta desberdintasunaren arteko harremana landuko dituzte. Halaber, eduki horiek ikuspegi kritikoz aztertzeko tresnak eskainiko dizkiete ikasleei. Horrez gain, Deseraikiz elkarteak ikasgeletan ere tailerrak emango ditu, adin-tarte eta hezkuntza-maila bereko ikasleei zuzenduta.

Konpromiso kolektiboa

Egitarauaren bidez, Berdintasun Sailak pornografiak gazteen harremanetan eta sexualitatearen ulermenean duen eragina eztabaida publikora ekarri nahi du. Udalaren arabera, errespetuan, baimenean, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako sexu-hezkuntza sustatzea gizarte osoaren ardura da, eta indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko tresna.

Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziaren iritziz, kezka sortzen du haur eta nerabeek pornografia gero eta goizago kontsumitzeak eta horrek sexualitatea eta harremanak ulertzeko moduan izan dezakeen eraginak. Gainera, ohartarazi du eduki horietako askok desberdintasunean eta emakumeen objektualizazioan oinarritutako ereduak transmititzen dituztela; horregatik, "funtsezkoa da begirada kritikoa sustatzearen eta gizarte osoa zeregin horretan inplikatzea".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide