Ane Sarasua: "Oso zorteduna naiz, lanean ere ongi pasatzen dudalako"

Eneko Eizagirre Perez

Ane Sarasua (Zarautz, 2003) 'Go!azen' telesailaren hamahirugarren denboraldiko protagonistetako bat da. Gaur estreinatuko dute denboraldi berria, Makusin.

Gaur gauean estreinatuko dute Go!azen-en hamahirugarren denboraldia. Zer darabilzu buruan?

Momentuz, nahiko lasai nago. Izan ere, hainbat aretotan egin dugu denboraldiaren aurrestreinaldia eta pasatu ditut jada urduritasun une gehienak. Hala ere, gaurko estreinaldia oso garrantzitsua izango da eta badaukat gogoa ikusteko nolakoak izango diren datozen asteak. Orain arteko ekitaldietan publikoaren harrera oso ona izan da, eta gogotsu nago hemendik aurrera etorriko dena bizitzeko.

Argi al zenuen telesail horretan parte hartu nahi zenuela?

Egia esanda, ez zen erabaki erraza izan Go!azen-en parte hartzea. 16 urte nituela, castingetan izena emateko aukera izan nuen, baina ez nintzen prest ikusten; izan ere, garai hartan antzerki munduarekin ez nuen inongo harremanik, abestu eta dantzatu bakarrik egiten nuen. Urte batzuk geroago, Dantzertin ikasten ari nintzela ere, Go!azen-en parte hartzeko aukera izan nuen, eta orduan ere ez nintzen prest ikusten horrelako proiektu handi batean lan egiteko.

Azkenean, ikasketak bukatuta eta Oihan Lopetegi agentearekin elkarlanean, Go!azen-eko castingetara joatea erabaki nuen joan den udaberrian. Badirudi hautaketa probak ondo joan zirela, izan ere, Kaia pertsonaia gorpuzteko izendatua izan nintzen. Oso gustura ibili naiz ikus-entzunezkoetan egin dudan lehen lan honetan.

Aurkepenean diozun modura, Kaia alaia, urduria eta despistatua da. Zaila egin al zaizu pertsonaia gorpuztea, edo Kaiak badu Aneren zerbait?

Beti diot antzezten ditugun pertsonaia guztiek dutela gure zerbait. Kasu honetan, erraza egin zait Kaiaren azalean jartzea; izan ere, ni ere dantzaria naiz, eta Kaia bezala, pertsona oso mugitua naizela iruditzen zait. Bestalde, Kaiarengandik desberdintzen nauen ezaugarri bat nabarmendu beharko banu, esango nuke ni ez naizela bera bezain despistatua. Kaia oso pertsona inpultsiboa da, eta gauzak pentsatu aurretik egiten ditu. Guztiz kontrako eran egiten ditut nik gauzak: lehendabizi, asko hausnarzten dut, eta ondoren hartzen ditut erabakiak.

Aktore gaztez betetako taldea da Go!azen-ekoa. Nolakoa da grabazioetako giroa?

Laneko giroa oso ona da eta Go!azenen-en egon naizen bitartean jaso dudan tratua ikaragarria izan da, bai lantaldearen partetik, baita aktoreen partetik ere. Lehen egunetik sentitu nuen sekulako babesa eta oso gustura egon nintzen lanean egin nituen bi hilabeteetan. Lanordu asko egiten genituen eta une exijenteak ere izaten ziren, baina zorteduna sentitzen naiz, lanorduetan ere ongi pasatzen dudalako.

Ezinbestekoa da lantalde atsegin bat izatea. Alabaina, hamabi kapitulu bi hilabetetan grabatzea gogorra da eta ongi inguratuta egotea garrantzitsua da. Harreman oso estuak egin ditut grabazioetan, eta giro atsegin horretan, plazer bat zen lanera joatea.

Julen Taboada aktore zarauztarra ere egon da lantalde horretan. Herrikidetasunak sortzen duen lotura islatzen al da pantailan?

Ordu pila bat igaro ditugu elkarrekin. Grabazio egunetako uneez gain, lanerako joan-etorri guztiak ere elkarrekin egiten genituen. Harreman sendoa eraiki dugu azkenean, eta konfiantza hori kamera aurrean ere islatzen dela esango nuke.

Aktore askok Go!azen-etik abiatuta ematen dute jauzia ikus-entzunezkoen mundura. Zure kasuan ere hala izan daitekeela sentitzen al duzu?

Ikusteko dago nolako bilakaera izango duen pantaila aurreko lehen esperientzia honek, baina orain arte ikusitakoarekin, sentitzen dut zerbaiten hasiera dela hau, ez hainbeste ikusleak izaten ari diren erreakzioarengatik, baina bai lan honekin ikus-entzunezkoen munduan gehiago ezagutzera eman naizelako. Erakusleiho handia da Go!azen, gehienbat, jendeak nire lan egiteko modua ikus dezan. Eta ez bakarrik kanpora begira: barrura begira ere, nire balio artistikoak erakustean, gauza berri gehiago etortzen hasi dira.

Aktore lanak badu bere alde iluna ere. Kaleko jendearentzat aurpegi ezaguna zara orain. Nola kudeatzen da hori?

Oraingoz, nahiko eramangarria izaten ari da; denboraldia hasi gabe, sentitzen dut oraindik itzalean nagoela. Hala ere, izan ditut une deseroso batzuk. Beti saiatzen gara ahalik eta harrera onena egiten gure ikusleei, baina tentsio eta presa uneetan, zaila izaten da merezi duten agurra ematea. Lanetik kanpo, orain aurpegi ezagun bat naizela ahaztu egiten zait batzuetan, eta askotan, ez dut ulertzen zergatik ari diren niri begira; gerora konturatzen naiz ezagutu egin nautela.

Jendea gerturatzea maite dut eta modu atseginean erantzuten saiatzen naiz beti, baina nire intimitate momentuak izatea ere ezinbestekoa dela iruditzen zait. Ogibide oso polita da gurea eta badakigu horrelako gauzekin aurre egitea ere lanaren parte dela.

Ekoiztetxeak prestatzen al zaituzte horrelako egoeretarako?

Gure kabuz egin beharreko lana da irudi publikoa jorratzea. Lankide asko terapia saioetara joaten dira beste kontu batzuen harira, baina aurpegi publikoa izatea kudeatzeko moduak ere lantzen dituzte, besteak beste. Azken finean, jendeak asmo txarrik gabe egiten duela badakigun arren, gure intimitatea urratzen dute une askotan. Guk horrelako momentuak kudeatzen jakin behar dugu, eta horretarako, terapia izaten da biderik onena.

Nola sentitzen zara zure burua pantailan ikustean?

Aitortu behar dut oso arraroa izan zela niretzat lehen atala lehen aldiz ikustea. Donostiako Zinemaldian izan zen lehen aldi hura, eta nire burua pantailan ikusi nuenean, sentsazio arraro bat sentitu nuen barruan. Gure lana horrelako pantaila erraldoi batean ikustean, ez nuen oso ongi ulertzen zer ari zen gertatzen, eta sentsazio bitxi batekin amaitu nuen proiekzioa. Azken finean, oso arraroa da norbera ez den pertsonaia bat interpretatzea, eta are arraroagoa, hori pantailan ikustea. Gainera, Go!azen-ek berezkoak dituen kodeen barruan lanean aritzean, ez nago ohituta nire burua haurrentzako edukietan ikusten. Hain arraroa izan zen estreinaldi hura, lehen ikustaldi hartako ezer ez dut gogoan. Bigarren aldiz ikusi nuenean, askoz gehiago gozatu nuen; presioak alde batera utzi nituen eta atalaz gozatzea lortu nuen. Oraindik nire burua pantailan ikusten ohitzea falta bazait ere, Go!azen-eko denboraldi berria telebistan ikusteko irrikaz nago.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide