Goizean goizetik hasita, grebalariek Zarauzko kaleak hartu dituzte. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, greba orokorrera deitu zuten gaurko, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta espekulazioaren aurka antolatzeko
Goizeko 07:00etan hasita, Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak pikete informatiboak egin ditu herriko tren geltokietan. Ondoren, IASk eta GKSk antolatutako ikasle blokearekin elkartu eta autopistako sarrera ixteko pikete bat egin dute. Autopistarako sarbidea 15 minutu inguru egon da blokeatuta.
Grebalariek Hiruputzu gaztetxean gosaldu eta gainontzeko eragileekin batera egin dute bizikleta martxa jendetsua herriko kaleetan zehar, Ikastolatik abiatuta. Gaur greba eguna da! eta Etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko! lelopean, herriko kaleak esnatu dituzte. Hori horrela, beste ekintzaile batzuek Zarauzko Turismo Bulegoa seinalatu dute, eta Turismoak itotzen gaitu margotu dute bertan. Era berean, etxe agentzia batean Espekulatzaileak errudun esaldia idatzi dute. Bizikleta martxa ia ordu eta erdiz luzatu da, eta jarraian grebalariek 10:08ko trena hartu dute Donostiako manifestaziora joateko.
Bizikleta martxa bukatu berritan, ertzainek parte hartu duten bi pertsona jarraitu dituzte martxako irudiak grabatzeagatik, eta denera lau lagun identifikatu dituzte.
Manifestazioa
Gaur arratsaldean, 18:00etan hasita, grebalariek mobilizazioa egingo dute Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko eta etxebizitzaren negozioarekin eta espekulazioarekin bukatzeko helburuarekin.