Zarauzko elkartegintzak egiten duen lana aitortzeko eta indartzeko helburuarekin jarri du martxan udalak Zarautz Elkarte-Ekin! prozesua. Honen helburu nagusia komunitatea indartzea eta aurrean ditugun erronka konplexuei elkarrekin erantzutea da, izan ere, "Zarauzko elkarte-sarea anitza, aberatsa eta balio handiko ondarea da herriarentzako". Hori horrela, Zarauzko elkartegintza eta haren ezaugarriak, asmoak eta beharra hurbilagotik ezagutu nahi ditu udalak, kontuan hartuta mugimendu dinamikoa dela eta etengabe eraldatzen ari dela.
Lehenik eta behin, gaur egun elkarteek bizi duten egoera hobeto ezagutu beharko da, eta horretarako, galdetegi bat bidali die udalak herriko elkarteei. Garbiñe Oiarbide Partaidetza zinegotziak azaldu duenez, udaleko departamentuek duten harreman sarearen bidez herriko elkarte gehienekin jarri dira harremanetan. Elkarteren batek galdetegia jaso ez badu, partehartu@zarautz.eus helbidera idatzita eskura dezake, eta Oiarbidek gogorarazi du helburua "Zarauzko elkartegintzaren ahalik eta argazki anitzena lortzea" dela.
Galdetegian jasotako informazioa oso baliagarria izango da udalarentzat, baita elkarteentzat eta herritarrentzat ere, izan ere, elkarteen lana nola lagundu jakiteko balioko du, elkarteen lana erraztuz eta horiek herriari eta herritarrei egiten dioten ekarpena bermatuz.
Galdetegia prozesuaren lehendabiziko fase bat izango da eta, ondoren, elkarteekin lan-saioak ere egingo dituzte, antzemandako gai, aukera eta beharretan sakontzeko.