Azaroaren 11ko greba orokorra

Herriko hainbat eragile eta enpresa batuko dira bihar greba orokorrera

Enara Ariznabarreta

Etxebizitzaren eskubidearen aldeko eta espekulazioaren aurkae egindako mobilizazioa. (Enara Ariznabarreta)

Etxebizitzaren eskubidea bermatzeko eta espekulazioaren aurka antolatzeko egun osoko egitaraua antolatu dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta ELA eta LAB sindikatuek elkarlanean. Herriko hainbat eragile eta enpresa batu dira greba orokorrera.

Bihar herritarrek kaleak hartuko dituzte etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra, eta horretarako, hainbat ekintza antolatu dituzte Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nahiz ELA eta LAB sindikatuek elkarlanean. Etxebizitza eskubidea bermatzeko eta espekulazioaren aurka antolatzeko, goiz goizetik hasi eta arratsaldera bitarterako antolatu dituzte jarduerak herrian, eta, halaber, Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin dute.

ELA sindikatuak emandako datuen arabera, bozketak ari dira egiten enpresetan, eta dagoeneko badaude grebara atxikitu diren hainbat enpresa, besteak beste: Plasticos Urteta, Engranajes Juaristi, Mantenu, KSB Itur, Bitoriano Gandiaga eta IAT Itasuako grebagileak. Era berean, Salbatore Mitxelena ikastolak, La Sallek, Orokieta Herri Eskolak eta Antoniano ikastetxeak deialdiarekin bat egingo dute, eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Greba orokorrak Euskotrenen zerbitzuetan ere eragina izango du, esaterako, trenbidean eta Lurraldebusentzat dituen autobus zerbitzuetan, eta jakitera eman duenez, %30eko gutxieneko zerbitzuak bermatuko ditu. Martxan egongo diren zerbitzuen aurreikuspena egin dute, eta hemen kontsulta daitezke ordutegiak. 

Deialdiak

Eguerdi partean hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak, eta horietara joateko dei egin diete herritarrei; Donostiakoa 12:30ean hasiko da Pio XII plazatik. Arratsaldean, berriz, eskualdea bera bihurtuko da aldarrien plaza. Manifestazioak egingo dituzte Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian, denetan ere 18:00etan plazatik hasita.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide