Hitzordu garrantzitsua du aurretik Euskal selekzioak larunbat honetan, izan ere, Venezuelaren aurka jokatuko du lagunarteko partidua Bilboko San Mames zelaian 20:00etan. Bestalde, partiduaren harira, Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko manifestazioa ere egingo dute Bilboko kaleetatik barrena 17:00etan.
Ekintza hauetara gerturatzeko, eta haietatik itzultzeko, bi autobus antolatu dituzte Zarauztik. Biak Frantziskotarren eliza aurreko geltokitik aterako dira 15:00etan, eta itzulerari dagokionez, bi txandatan izango da; bata manifestazioaren ondoren aterako da Bilbotik 20:00etan, eta bestea partidua amaitzean, 23:00etan. Autobusetako txartelak jada eskuragarri daude Arrano eta Eguzki tabernetan eta bertan dauden orrietan eman beharko da izena.