'Karpeta urdinak' dokumentala emango dute bihar, Oroimenaren Nazioarteko Egunean

Eneko Eizagirre Perez

Pertsona bat loreak eskaintzen memoria egunean, Arrosategi Parkean (Juan Luis Romatet).

Zarauzko Udalak antolatuta, Ander Iriarteren Karpeta urdinak dokumentala emango dute bihar, pleno aretoan, Oroimenaren Nazioarteko Egunaren harira. Bestetik, igandean elkarretaratzea egingo dute Arrosategi parkean, Zarauzko biktima guztiak omentzeko.

Oroimenaren Nazioarteko Eguna izango da bihar, hilak 10, eta Zarauzko Udalak indarkeria mota desberdinetako biktimak gogoratzeko eta omentzeko jarduerak antolatu ditu. 

Alde batetik, bihar Karpeta urdinak dokumentala ikusi ahal izango da udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan. 2022. urteko dokumentala da, Ander Iriarte zinemagileak zuzendua, eta 1960 eta 2014 urteen artean Euskal Herrian izandako tortura eta tratu txarrak ikertzen ditu.

Bestetik, igandean, elkarretaratzea egingo dute Arrosategi parkean, 12:00etan. Bertan, Memoriaren Zuhaitzaren inguruan ekitaldi bat egingo dute Zarauzko biktima guztiak aitortzeko. Udala osatzen duten talde guztiek hartuko dute parte bertan, eta adierazpen bat irakurriko dute. Jarraian, bertaratutakoek bost minutuko isilunea egingo dute biktimak omentzeko. Azkenik, lore eskaintza egingo da eta Memoriaren liburuan sinadurak jasoko dituzte.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide