Zarauzko hainbat kirolari daude Gipuzkoarren Kirola sarirako hautagaien artean

Julene Frantzesena

Malen Monasterio lehia batean. (Utzitakoa)

Elene Fresco, Nora Merino eta Nagore Altza eskubaloi jokalariak, Malen Monasterio ZKE Halterofiliako kidea eta Usoa Ostolaza txirrindularia dira hautagaien zerrendan ageri diren zarauztarrak. Herritarrek boto bidez erabaki dezakete nork jasoko duen Gipuzkoarren Kirola saria. Sari banaketa abenduaren 11n egingo dute, Eibarren.

Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol sailak jakinarazi ditu Gipuzkoarren Kirola sarirako hautagaien izenak. Sari hori beste hainbatekin batera banatuko du erakundeak, abenduaren 11n Eibarko Coliseo antzokian egingo duten ekitaldian, eta Zarauzko hainbat kirolari daude haugataien artean.

Elene Fresco, Nora Merino eta Nagore Altza eskubaloi jokalari zarauztarrak dira saria jasotzeko hautagaietako hiru, eta zerrenda horretan agertzen dira, halaber, Malen Monasterio ZKE Halterofiliako kidea eta Usoa Ostolaza txirrindularia.

Kirolari horiek denek balentria handiak egin dituzte urtea hasi zenetik. Izan ere, hiru eskubaloi jokalariek Munduko Txapelketa irabazi zuten abuztuan, Monasteriok emaitza bikainak lortu ditu Europako nahiz munduko txapelketetan eta Ostolazak Eibarko Hiria Sari Nagusia irabazi zuen eta emaitza bikainak lortu zituen denboraldian zehar.

Herritarrek boz bidez erabakiko dute nork jasoko duen sari hori, eta azaroaren 17ko gauerdira arteko epea izango dute horretarako; honako lotura honetan eman daiteke botoa. 

Ez da Gipuzkoarren Kirola izango Aldundiak aurten banatuko duen sari bakarra; izan ere, gizon-emakumeei zuzendutako Gipuzkoa Kirolak saria eta Kirol Konpromisoa saria ere banatuko ditu erakundeak, baita Distira eta Enpresa sariak ere.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide