Udal eta foru hauteskundeak 2027

Ainhoa Salegi proposatu du Zarauzko EH Bilduk alkategai izateko

Ihintza Elustondo

Ainhoa Salegi. (EH Bildu)

Salegik 57 urte ditu, eta Zarauzko KSB-Itur enpresan kudeaketa eta antolakuntza arduraduna da. Koalizioaren arabera, "balio ezin hobeak" ditu "Zarautz bizigarriago bateranzko eraldaketa gidatu beharko duen alkatearen profilerako".

Zarauzko EH Bilduk jakinarazi du zein izango den 2027ko maiatzaren 23an egingo dituzten udal hauteskundeetarako alkategaia: Ainhoa Salegi Makazaga. Atzo, asteazkena, gauzatu zuen EH Bilduren mahaiak herri batzarra, eta han proposatu zuten Salegiren hautagaitza. 

Salegik 57 urte ditu, eta Zarauzko KSB-Itur enpresan kudeaketa eta antolakuntza arduraduna da. EH Bilduren iritziz, "Salegiren giza ezaugarriak eta 35 urtez herriko enpresa garrantzitsuenetako baten kudeaketan izandako esperientzia balio ezin hobeak" dira datozen lau urteetan herriaren ordezkari izateko; hau da, "Zarautz bizigarriago bateranzko eraldaketa gidatu beharko duen alkatearen profilerako". Behin herriko mahaiak proposamena eginda, datozen asteetan Salegiren hautagaitza berresteko barne prozedura abiatuko du EH Bilduk.

Esker ona Itziar Muruari

Alkategai berriaren izena jakinaraztearekin batera, Zarauzko EH Bilduk eskerrak eman nahi izan dizkio Itziar Murua orain arteko zerrendaburuari, "azken zortzi urteetan egindako lanagatik eta erakutsitako borondateagatik". Koalizioaren iritziz, "komunitatean bereziki estimatua eta herritarren artean oso baloratua" izan da Muruak egindako lana, eta haren bidea "jarraituko dutenentzat zein etorriko direnentzat eredu izango da bere jarduna". Esker on hori, era berean, urte hauetan guztietan Muruarekin batera lanean aritu den talde osoari zabaldu nahi dio EH Bilduk, "talde lan horri esker izan baita posible egindako guztia".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide