Azaroaren 11an etxebizitza duinen alde deitutako greba orokorrarekin bat egingo du Ernaik, eta herritarrei horren inguruko informazio gehiago emate aldera, elkargune bat antolatu du. Ostiral honetan izango da, Musika Plazan, 18:00etan.
"Etxebizitza, gazteen artean, eta oro har herri sektorean, ezberdintasun sozialak eta prekarietatea iraunarazteko elementu bat bihurtu" dela dio Ernaik. Horregatik, greba deialdiaren harira, gaiaren inguruko gogoeta saioa antolatu dute etzi.
Hego Euskal Herriko hainbat herritan hasi dira greba orokorrerako prestakuntza jarduerak egiten, Urrats bat aurrera ekimenaren barruan. Etxebizitzaren gaiak azken asteetan hartu duen indarrarekin, "grebara ahalik eta gazte gehien batzea" ezinbestekoa dela azpimarratu dute elkarguneko antolatzaileek. Horregatik, gaia lantzeko eta testuinguruan kokatzeko solasaldia antolatu du Ernaik.