Futboleko emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeek berdinketa bana lortu dute asteburuan

Eneko Eizagirre Perez

Zarautzen eta Orioren arteko derbia, Astin. (ZKE Futbola)

2-2ko emaitzarekin itzuli zen emakumezkoen taldea Bergarako zelaitik. Gizonezkoek, berriz, bana amaitu zuten Orioren aurka jokatutako derbia.

Partida garrantzitsuz betetako asteburua izan da ZKE futboleko taldeentzat. Emakumezkoen lehen taldearen kasuan, ez zuten lortu joan den asteko garaipenari jarraipena ematea, izan ere, bina berdinduta itzuli ziren Bergaratik. Gizonezkoen lehen taldeak Orioren aurka jokatutako derbia gol banako berdinketarekin amaitu zen.

Norgehiagoka zaila aurreikusten zuen emakumezkoek Bergaran, baina puntu bat eskuratzea lortu zuten. Etxeko taldea atsedenera gol bateko aldearekin iritsi zen eta emaitza iraultzeko asmotan, bigarren zatira indartsu atera zen Zarauzko taldea. Garaipena lortu ez zuten arren, bi goleko berdinketarekin itzuli zen Zarautzera.

Gizonezkoen kasuan, hitzordu berezia zuten Asti zelaian: Orio taldearen aurkako derbia. Markagailuan aurretik jartzea lortu zuen zarauztarrek lehen zatian eta, gainera, Orioko taldekide batek txartel gorria ikusi zuen. Etxeko taldea atsedenera aldeko abantailarekin joan bazen ere, Oriok markagailua berdintzea lortu zuen bigarren zatian. Azken uneetan, Zarauzko futbolari batek partidako bigarren txartel gorria ikusi zuen, eta hala, hamarna jokalariekin bukatu zuten neurketa bi taldeek. Bana amaitu zen auzoko bi taldeen arteko lehen derbia.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide