Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan izango da Aner Peritz

Julene Frantzesena

Aner Peritz Lekeitioko saioan. (Bertsozale elkartea)

Txapelketaren lehen fasean, Lekeitioko saioan, eskuratu zituen puntuei esker lortu du lehian aurrera egitea. Zarauztarrak Gernika-Lumon abestuko du azaroaren 7an. Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Joane Illarregi eta Aitor Mendiluze izango ditu bertsokide hitzordu horretan. 

Gaur arratsaldean Agurainen (Araba) izan da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen faseko azken saioa –Nerea Elustondok irabazi du–, eta hitzordu hori igarota, zehaztuta dago finalaurrekoetako saio bakoitzean zein bertsolari ariko diren.

Aner Peritz zarauztarra da hurrengo fasera igaro den bertsolarietako bat; izan ere, joan zen irailaren 27an Lekeitioko (Bizkaia) saioan eskuratutako puntuak aski izan zaizkio lehian aurrera egiteko. Hain zuzen ere, saio hartan bigarren sailkatu zen Peritz, 679 puntu batuta, eta puntu horiekin, sailkapeneko zazpigarren postuan bukatu du lehen fasea.

Zarauztarrak Gernika-Lumon izango du finalaurrekoetako hitzordua azaroaren 7an, larunbata. Saio horretan bertsokide izango ditu Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Joane Illarregi eta Aitor Mendiluze. Dagoeneko salgai daude finalaurrekoetarako sarrerak, honako lotura honetan. 

Lau finalaurreko izango dira lehen bueltan, eta 24 bertsolari ariko dira nor baino nor. Horietatik hemezortzi igaroko dira hurrengo fasera, eta finalean, berriz, zortzi bertsolari ariko dira –Maialen Lujanbio zuzenean sailkatuta dago, duela lau urte txapelduna izan zelako–; Nafarroa Arenan izango da finala, abenduaren 19an.

Mantxi, kanpoan

Zarauzko beste bertsolari batek ere parte hartu du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen fasean: Iñigo Mantzizidor Matxi-k. Hark, baina, ez du lortu lehian aurrera egiterik. Irailaren 26an Altsasun (Nafarroa) abestu zuen Mantxik, eta han bosgarren sailkatu zen, 638 puntu eskuratuta. Puntu horiek tarteko, lehen fasea 28. postuan bukatu du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide