Aner Peritz bigarren sailkatu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako Lekeitioko saioan

Andoni Elduaien

Aner Peritz, bertsotan. (Bertsoa.eus)

Ane Labakaren atzetik sailkatu da zarauztarra gaur Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan jokatu duten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen faseko hirugarren saioan. Gaur-gaurkoz, ondo kokatu da hura finalaurrekoetara sailkatzeko.

Ane Labakak lortu du garaipena Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen faseko hirugarren saioan. Lekeitioko (Bizkaia) Santi Brouard pilotalekuan jokatu dute saioa, eta Lasarte-Oriako bertsolariak pilatu du puntu gehien: 681 puntu. Hori hala, Gernika-Lumoko (Bizkaia) finalaurrekoan kantatuko du, azaroaren 7an. Aner Peritz bigarren sailkatu da, Labakarengandik bi puntu eskasera, 679 punturekin.

Peritzek, ordea, lehen fasea osatzeko falta diren gainerako saioei erreparatu beharko die finalaurrekoetara sailkatu ahal izateko. Gaur-gaurkoz, lehen fasea amaitzeko beste lau saio falta dira: Donapaleukoa (Nafarroa Beherea), Tolosakoa (Gipuzkoa), Gotaine-Iribarnekoa (Zuberoa) eta Aguraingoa (Araba). Nolanahi ere, Peritzek, Maddalen Arzalluzek eta Aitor Bizkarrak atzo Altsasuko (Nafarroa) saioa irabazi zuen Oier Etxeberria azpeitiarrak baino puntu gehiago jaso dituzte gaur (672,5 puntu): 679 puntu Peritzek, 677,5 puntu Arzalluzek eta 676 puntu Bizkarrak. 

Lehen laukote horretatik koska bat beherago sailkatu da gaur Lekeition Eneritz Artetxe; azkoitiarrak 646 puntu jaso ditu. Seigarrena izan den Aroa Arrizubietak, ostera, 616 puntu batu ditu. Goraino bete da Santi Brouard pilotalekua; izan ere, sarrera guztiak salduta, ia 1.000 bertsozale bildu dira han. Idoia Anzorandia aritu da gaur bertsotan aritu diren sei lagunei gaiak jartzen.  

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide