Palestinako genozidioaren kontrako mobilizazioa deitu dute bihar arratsalderako

Maddi Txintxurreta

Palestinaren aldeko martxa musikatua, duela pare bat aste. (Aritz Mutiozabal)

Gernika-Palestina ekimenak Genozidiorik ez! Gerrarik ez! leloarekin mobilizazioak deitu ditu biharko Euskal Herriko udalerrietan, eta Zarautzen bat egin dute deialdiarekin. 19:00etan izango da elkarretaratzea, Lege Zaharren Enparantzan.

Gernika-Palestina herri ekimenak biharko Euskal Herri mailan deitutako mobilizazioekin bat egin du Zarautzek, eta elkarretaratzera deitu dute biharko, 19:00etan, Lege Zaharren Enparantzan.

Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean deitu dituen mobilizazioekin, Euskal Herriak gerraren aurka antolatu eta saretu behar duela aldarrikatuko du Gernika-Palestina ekimenak. "Ahal den guztietan mobilizatu behar gara Palestinarren itxaropenari ateak zabalik mantentzeko, eta argi eta ozen, gerrarik ez! adierazteko", agertu dute deitzaileek.

Hiru urte ondoren "Palestinaren egoera okerrera" doala adierazi dute herri ekimeneko kideek: "Genozidioa eta horrek dakarren deshumanizazio forma guztiak nagusitzen ari dira eta ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hori normalizatu: gosea gerra arma gisa baliatzea; lurraldea inpunitate osoz berenganatzea; iazko urriko su eten adostutik ia 1.300 pertsona erail izana Israelgo estatuak, horietatik 270 haurrak; 8.000 gorpu errekuperatu ezinik Gazan…"

Halaber, Zisjordaniako egoera larriagotu egin dela diote; izan ere, kolono israeldarrek 1.200dik gora eraso egin dituzte han, kanpamenduak suntsitu dituzte, errepresioa areagotu dute eta kolonizazio prozesua azkartu dute, besteak beste.

Gernika-Palestina herri ekimenak ohartarazi du gerrak sustatzen dituzten estatu inperialistak ordena mundial berria eraikitzen saiatzen ari direla, eta gaur egungo nazioarteko araudia ez dela betetzen, ezta betearazten ere. "Inperialismoa, kolonialismoa, eta giza eskubideen urraketa sistematikoetan oinarrituriko forma ezberdinak iraunkortu, normalizatu, eta jendartearen partetik asumitzera bultzatzen dituzten erabakiak gailentzen dira", berretsi du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide