Haserre nago. Amorruz beteta. Zer du emakume honek ba? Pentsatuko du norbaitek.
Ba, duela 9 urte nire burua zaintzeko erabakia hartu nuen eta erabaki horren atzean kirola egiteko konbentzimendua zegoen. 40 urte egitear nengoen eta zientzilariek argi eta garbi zuten indarra lantzearen beharra hezur masa eta muskuluak mantentzeko, eta, horrela, osteoporosia eta beste hainbat gaixotasun ekiditeko. Kiroldegian bazegoen 15:00etan Konbo B izeneko klase bat: garai hartan, bi egunetan spinning egiten genuen eta tarteko egunean bodypump. Pandemia garaian, musukoarekin spinning egiteak suposatzen zuenagatik, spinning astean behin eta indarra bitan lantzera pasatu ginen. Hutsik egin gabe. Hantxe fitxatu dugu astelehen, asteazken eta ostegunetan. Ez pentsa erraza denik lentejak eztarrian ditugula burppeak egiten hastea, goraka edo beraka egin behar duten jakin gabe. Baina, ordu horretan joaten garenok, beste ordutegietan joan ezin dugunak gara.
Gorputza landu, burua lasaitu, barre batzuk egin (talde giro jatorra izan dugu), dutxa bat hartu. Eta ondoren beste zereginetara: batzuk ume bila, besteak beraien komertzioetara, besteren bat gazteen entrenatzaile lanak egitera... 15:00etatik 16:00etarako tartea guretzat zen. Gela itokinak jasotzeko ontziz beteta eta gu hantxe! Maiatzetik aurrera, 15:00etan gela horretan ariketa egitea sauna batean egotea bezala izan arren, gu hantxe! Ekainean San Joanak iritsi arte. Eta horrela irailean Euskal Jaien ondoren, talde horretan jarraitzeko plaza gorde izan dugu urtez urte.
Baina, aurten, abuztuaren 25ean emailez jakin genuen Konbo B taldea ez zela hasiko irailean (beste 25 klase bezalaxe), ratio minimoa ez genuelako osatzen. Beste urteren batean ere berdin ibili ginen. Txartel berriaren bila joan nintzenean, galdetu nuen ba: "Eta zenbat gaude ba apuntatuta?" Hamalau. "Aurreko urteko blokea", pentsatu nuen nik. "Eta zenbat da minimoa?" Kri-kri, kri-kri... Irailaren 18an adieraziko omen zitzaigun urriaren 1ean 26 horietatik zein klase hasiko ziren. Berria ez zen irailaren 25 arte iritsi: Konbo B eta beste hamabi klase ez dira hasiko urriaren 1an ere.
Irailaren 28an aurkeztu genuen kiroldegiko harreran taldea aktibatzeko eskaera arrazoitua idatziz. Harrezkero, ia egunero joan gara kiroldegira, erantzun eske. Lehen erantzuna ezezkoa izan zen. Gero, Inaxio Illarramendirekin telefonoz hitz egin eta hark pilota bere teilatutik aldendu zuen, baina hitz goxoz eta enpatikoz gure taldeak hainbeste urtetan ondo funtzionatu duela eta martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen, baita teknikariak berekin haserretuko baziren ere. Astea bukatzerako erantzun bat izango genuela. Bukatu zen astea, erantzunik gabe eta astelehen goizean denok zalantzatan: "15:00etan klasera joan behar al dugu?" Berriro ere kiroldegira galdezka. Eta han inork ez daki gure taldeak hasi behar duen ala ez. Astean bitan egiten diren klaseetarako kopuru minimoa hamabost lagunetakoa omen da eta astean hirutan egiten direnetarako, berriz, hemezortzi lagunetakoa; maximoa, hogei lagunetakoa.
Eta gu lurrikara honetan, sumendiaren ahotik kea jaurtikiz. Lehertzeko zorian.
Batzuk 15:15ean entrenamendu funtzionala egiteko itxaron zerrendan jarri dira, han 21 omen daude eta jadanik. Besteren bat 16:00etan Total Trainning egiteko izena emanda dago. Beste batzuk, haserretuta beste kiroldegi pribatu batean izena emateko erabakia hartu dute. Beste batzuk sinetsi ezinik daude talde hau aurrera atera gabe geldituko dela.
Sinestezina baita 23.496 biztanleko (2025ean) herri honetan, biztanleria goraka doan arren, hainbat zerbitzu murriztea: eskaini ziren baino hamahiru klase gutxiago izatea. Gure taldean hamalau pertsona salduta geratu gara, besteetan ez dakit zenbat.
Sinestezina, taldea aurrera ateratzeko hemezortzi pertsona eskatzea, gehiengoa hogei denean: % 90a. Zerbitzu publikoa den momentutik, etekin ekonomikoen zain egon beharrik gabe, aurrera egin beharko luke. Talde honek urtez urte funtzionatu du, zergatik kendu? Sinestezina, erabaki hauek irailaren 25ean etortzea, ekainerako izena emanda geundenean. Nora joan behar dugu orain, urrian? Itxaron zerrendetara? Kiroldegian eta kirol zentro pribatuetan taldeak osatuta daude jada.
Sinetsi ezazue, osasun zentro pribatuetara joango garela. Gure gorputza, burua eta arima zaintzeko prebentzio lana egiten ez badugu, beharko dugu eta.