Inaxio Uria: "Ikasleen belarriak pixkanaka ohitzen joatea zen saioen helburua"

Eneko Eizagirre Perez

Inaxio Uria. (Eneko Eizagirre Perez)

Zarauzko AEK-ko mintzalaguna izan da hamalau urtez Inaxio Uria (Zarautz, 1947). Euskara ikasten ari ziren hamaika ikasleren solaskidea izan da kaleko euskara praktikatzeko saioetan.

Nola bihurtu zinen mintzalagun?

Jubilatu nintzenean, ordu libre asko nituen. Entretenitzeko zerbait bilatzen nenbilela, egunkarian ikusi nuen AEK mintzalagun bila zebilela. Ez nekien lan horretarako balio nuen, izan ere, euskaraz dakidana entzunda eta hitz eginda ikasi dut. Horrek ez ziola axola esan zidaten, kaleko hizkeran hitz egitea garrantzitsuagoa zela. Beraz, mintzalagun lanetan hasi nintzen 2012an.

Nolakoak izaten ziren ikasleekin izaten zenituen hitzorduak?

Pintxo poteoan elkartzen ginen astero eta ordu eta erdiko solasaldiak egiten genituen. Lau edo bost ikasle etortzen ziren, eta ni izaten nitzen haien mintzalaguna. Gai asko jorratzen genituen eta, pixkanaka, kaleko euskara barneratzen joaten ziren.

Nolako ikasleak izaten zenituen?

Hainbat profiletakoak etortzen ziren hitzorduetara. Euskara azterketak ganditzeko praktikatu behar zutelako etortzen ziren asko. Beste batzuk, berriz, euskara hobetzeko eta praktikatzeko asmoarekin. Oro har, 40 eta 50 urte arteko ikasleak izaten ziren, eta jubilatu bat edo beste ere etorri izan ziren. 

Hamalau urtez mintzalagun izan ondoren, uztea erabaki duzu. Erabakia hartzea zaila izan al da?

Gustura egiten nuen jarduera bat zen arren, taldearen ordutegia eta konpromisoa aldatzen joan dira denborarekin. Hasi nintzenean, ikasleek ez zuten hitzordurik galtzen. Denbora pasatu ahala, jendea geroz eta gutxiago etortzen zen solasaldietara. Asko pentsatu ondoren, egitasmoa uztea erabaki nuen.

Mintzalagun saioetan hitz egiterakoan, euskara aldatzen al zenuen?

Orokorrean, mantsoago hitz egiten nuen mintzalagun saioetan, eta agian, hitzak osatuago ahoskatzen nituen. Hala ere, kaleko hizkuntzan hitz egiten jarraitu nuen, hori baitzen ikasi nahi zutena. Ikasle batzuk gerora aitortu zidaten hasierako klaseetan ez zidatela ulertzen. Hori zen helburua, neurri batean, haien belarriak pixkanaka ohitzen joatea.

Hizkuntza erakusteaz gain, zer gehiago erakusten zenuen mintzalagun saioetan?

Gehienbat, kaleko errealitatean gertatzen ziren kontuen inguruan hitz egiten genuenean, lagunarteko solasaldia izaten zen. Horrez gain, euskara eta euskal kulturaren inguruko gaiak ere jorratzen genituen. Bertsozale naizen partetik, hainbat bertso erakusten nizkien, esaterako.

Euskara akademikotik kanpo, zer da mintzalagunok ikasleei eskaintzen diezuena?

Ikasleak kaleko euskarara ohitu egiten dira gurekin. Euskara akademikoa ezinbesteko oinarria da beraien ikasketa prozesuan, eta gure lana horren osagarri bat besterik ez da. Hala ere, kalean ongi moldatzeko baliabideak eskaintzen ditugu mintzalagunok, hori ere garrantzitsua baita egunerokotasunean.

Hainbeste denbora elkarrekin igarota, ikasleekin egindako harremana estua izango zen. Mantetzen al duzue laguntasuna?

Bai. Denbora asko igarotzen genuen elkarrekin, eta hasieran euskara ikasteko saioak zirenak, lagunarteko solasaldi bihurtu ziren denborarekin. Harremana mantentzen dugu oraindik, noizean behin mezu bidez hitz egiten dugu. Oso aberasgarriak ziren hitzorduak. Denborarekin, ikasleen euskararen bilakaera ikusten joaten zara, eta prozesu horretan bidelagun izatea gauza oso polita da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide