Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka egiteko batu dira herritarrak

Intza Trula

Ernaik deituta, elkarretaratzea egin dute arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan. Dozenaka herritar batu da protestara, eta Etxebizitza duinaren alde, urrats bat aurrera! lelopean, etxebizitzaren arazoari berehalako konponbidea eman diezaieten eskatu dute.

Etxebizitza eskubidea dela aldarrikatzeko eta espekulazioaren aurka kalera atera dira gaur arratsaldean Zarautzen. Lege Zaharren Enparantzan dozenaka lagun batu dira Ernaik deituta, eta elkarretaratzea egin dute bertan, Etxebizitza duinaren alde, urrats bat aurrera! lelopean.

Ernaik salatu duenez, "etxebizitza gazteon arteko desberdintasun sozialak eta prekarietatea iraunarazten dituen faktore nagusienetako bat da". Ildo horretatik, etxebizitzaren arazoari "berehalakoa eta integrala" den konponbidea eman diezaieten eskatu dute.

Horrez aparte, Zarautzen alokairurako etxebizitza baten prezioaren bataz bestekoa 1.000 eurokotik gorakoa dela deitoratu dute, "eta prezio horiekin gazte gehienek senideen laguntza behar dute alokairua ordaintzeko". Hala, etxebizitzak negozio izateari utz diezaion eta oinarrizko eskubide gisa bermatu dezaten eskatu dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide