Musika kaxa

Dantza odolean txiki-txikitatik

Enara Ariznabarreta

Urriko Zarautz Guka aldizkarian Yasmilka Rodriguez dantzaria izan da Musika kaxa-ko gonbidatua. Hona hemen bere erantzunak ataleko galdetegi bereziari.

Dantza odolean darama Yasmilka Rodriguezek (Zarautz, 1991). Txikitan murgildu zen dantzaren munduan, eta gaur egun Marisa Merino eskolako irakaslea da. 2022an, eskola horrek hirugarren postua eskuratu zuen nazioarteko saltsa ekitaldi garrantzitsuenetako batean, Rodriguezek sortutako koreografiari esker.

Zein da dantzaldi on batean falta ezin den abestia?

Abesti asko ditut buruan eta zaila egiten zait bakarra aukeratzea. Nire ustez, musika estilo konkretu bat ezin da inoiz falta dantzaldi on batean, estilo dantzagarri bat. Horregatik, musika latinoa aukeratuko nuke, adibidez.

Dantza, bakarka edo taldean nahiago?

Erantzuna argi daukat. Nahiago dut dantza taldean egin, beti.

Zein izan zen ikasi zenuen lehen koreografia?

Ez naiz zehazki gogoratzen; izan ere, txikitatik egiten dut dantza eta koreografia asko egin ditut. Ez dakit lehenengoa izan zen, baina jendaurrean egin genuen bat dut gogoan: David Bisbalen Buleria dantzatu genuen.

Oraindik probatu ez duzun zer probatuko zenuke?

Artista handi batekin dantza egitea gustatuko litzaidake.

Azken dantza bat dantzatu beharko bazenu, norekin dantzatuko zenuke?

Egia esan, ez dut oso argi, baina nire bizitzan betidanik egon den pertsona batekin dantzatuko nuke azken dantza bat.

Zein duzu erreferentetzat?

Nire familia da nire erreferente nagusia; familia guztia, orokorrean.

Zein artistarekin dantzatzea izango litzateke zure ametsa?

Asko ditut buruan, beraz, oso zaila da bakar bat aukeratzea. Esaterako, Jennifer Lopezekin dantza egitea asko gustatuko litzaidake. Saltsa munduari dagokionez, Gilberto Santa Rosa abeslariarekin dantzatuko nuke.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide