Erretratua

Unai Egaña: "Beste lekuetan abiapuntua dena guk dagoeneko badaukagu"

Enara Ariznabarreta

Urte dezente daramatza Unai Egañak udaltzain lanetan Zarautzen, baita herriko ikastetxeetan Bide Heziketako saioak ematen ere. Elkarbizitzaren oinarrietako bat elkarrekiko errespetua dela dio. Urriko Zarautz Guka aldizkarian argitaratu da elkarrizketa Erretratua atalean.

Zarauzko Bide Heziketaz eta Mugikortasun Seguruaz arduratzen diren udaltzainetako bat da Unai Egaña (Zarautz, 1972). Oinezkoek, bizikletek eta autoek espazio bera partekatzen duten mugikortasun ereduaren defendatzaile sutsua da, eta, gainera, hori ahalik eta arau gutxien jarrita egitearen alde dago.

2014an hasi zen Egaña Bide Heziketako saioak eskaintzen, Igor Makazaga lankidearekin batera. Hala ere, Zarautzen ez zen zerbait berria izan. 1997an, Jon Ugalde eta Jose Manuel Egaña udaltzainak hasi ziren ikastetxeetan saioak ematen, eta urte batzuetan proiektua enpresa batek kudeatu bazuen ere, ondoren Egañak eta Makazagak hartu zuten lekukoa. "Hezkuntzaren munduak, umeekin hartu-emana izateak eta prebentzioa beste ikuspuntu batetik lantzeak piztu zuten gure nahia", dio udaltzainak.

Urte hauetan zehar metodologia fintzen joan dira, ikasleen bizipenak eta eurek ateratako ondorioak oinarri hartuta. Egañarentzat haurrei mugikortasun autonomia ematea da gakoetako bat: haiek arriskuak hautematen, egoerak irakurtzen eta erabakiak hartzen ikastea. Udaltzainaren hitzetan, Zarautzen 8 urte inguruko haurrak taldean eta euren kabuz ikastetxera joatea ohikoa da: "Beste herri batzuetan ez zaie sinesgarria egiten, baina guretzat oso ohikoa da". Haren ustez, Zarautzen badago horretarako berezko baldintza bat; izan ere, "mugikortasun kultura zehatz bat sustraitua dago".

Elkarbizitzaren garrantzia

Egañarentzat elkarbizitza da oinarrietako bat. Haurrekin egindako ariketa bat du gogoan udaltzainak: arau zehatzik gabeko gune batean jarri zituzten haurrak eta helduak, eta gurutzatzen utzi zieten. "Araurik gabe ea zerbait gertatu ote zen galdetu nien, eta ezetz esan zuten", dio Egañak. Haren ustez, gakoa ez da arauak kentzea, baizik eta espazioa partekatzen dutenen arteko harremana aldatzea: "Ez dira arauak kendu behar, arauak beste modu batean hauteman behar dira".

Horregatik, seinale eta marra gehiago jarri ordez, zenbait espaziotan erabakiak hartzeko gaitasuna sustatzearen aldekoa da. "Elkarri begiratu eta ados jartzea garrantzitsua da". Eredu hori Zarautzera zabaltzea da duten erronka nagusia: "Lehenengo oinezkoa, bigarren bizikleta eta hirugarren kotxea". Aldaketa ez dela erraza badaki, baina Zarautzek horretarako baldintzak dituela uste du. •

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide