Urtero bezalaxe, aurten ere goitibeherez gozatzeko aukera izango da Kuadrilla Egunean. Antolakuntzak jakitera eman duenez, irrikitan daude goitibeherak martxa jartzeko, baina jendearen parte hartzea jaitsi dela nabarmendu dute. Hori horrela, parte hartu nahi duen orok urriaren 10a baino lehen eman beharko du izena 644-05 67 70 zenbakira deituz.
Antolakuntzak herritar guztiei luzatu die gonbita, eta beldurrak alde batera uzteko deia egin die. Goitibehen muntaia denek batera egiten dute, batak besteari lagunduz eta ez dakitenei erakutsiz. Bestalde, noiz edo noiz aurreko urteetako goitibehera zaharrak erabiltzeko aukera ere ematen dute.
Sariak
Parte hartzaile guztien artean helmugara lehenengo iristen den goitibeherak Marmarran erabiltzeko 100 euro eskuratuko ditu. Helmugara iristen bigarrenak eta goitibehera politena egin duen taldeak, berriz, afari baterako 50 euro irabaziko ditu talde bakoitzak.