Euskarak arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan bizi duen egoeraz kezkatuta, Esnatu dinamika aurkeztu zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) apirilean Orion. Orain, herriz herri foroak antolatzen hasi da, dinamika hori tokian tokiko eragileei aurkezteko eta horien konpromisoak bilatzeko. Helburu horrekin, UEMAk, Zarauzko Udalak eta Zirika euskara elkarteak deialdia egin zuten atzo arratsalderako, Etxezabalako bilera gelan, eta erantzun benetan ona izan zuten. Izan ere, aretoa erabat bete zen, herriko kirol, aisialdi, hezkuntza eta euskalgintza elkarteetako ordezkariekin eta eragileekin.
Garbiñe Oiarbide zinegotziak egin zien ongietorria bertaratutakoei, eta eskerrak eman zizkien saioan parte hartzeagatik. "Zarautz herri euskalduna da eta hemen gauden guztiok hala izaten jarraitzea nahi dugu, noski. Baina egungo norabideari eutsiz gero, eremu euskaldunetan euskarak atzera egingo duela diote ikerketek. Arrisku horri erantzuteko eta egoera iraultzeko arduratik sortutako ekimena da Esnatu", azaldu zuen Oiarbidek. Era guztietako eragileak ahalduntzeaz gain, egitasmoaren helburu nagusia eremu euskaldunek bizirauteko eragileen arteko konpromisoak sustatzea dela gaineratu zuen.
Egoeraren berri
UEMAko teknikari Goizane Aranak eta Zarauzko Udaleko Euskara teknikari Maite Etxanizek gidatu zuten saioa, eta bien artean, hiru gai landu zituzten: Euskal Herriko eta Zarauzko egoera soziolinguistikoaren diagnostikoa eta bilakaera laburra; UEMAk aurkeztu duen Lurralde estrategia; eta Zarauzko eragileek udalerri euskaldunei eusteko egin dezaketen ekarpena.
Testuinguruan kokatze aldera, UEMAren eskariz Siadecok egindako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoa ikerketaren ondorio nagusien zertzeladak eman zituen Aranak. Iñaki Iurrebasoren eta Garikoitz Goikoetxearen Esnatu ala hil saiakera liburuari erreferentzia eginez, euskararen bilakaera historikoa hiru arotan banatzen duela esan zuen: 1906tik 1971rakoa ordezkapen aroa izan zen, "debekuaren garaia eta transmisioaren etenaldia" ekarri zituelako; 1971tik 2001era, indaberritze aroa etorri zen, "sekulako ahalegina egin baitzen euskara berreskuratzeko, herri gogo handiarekin"; egungoa, ordea, geldotze aroa dela azaldu zuen, "ez aurrera eta ez atzera" dagoela euskara.
Siadecok eginiko simulazio ariketaren berri ere eman zuen UEMAko teknikariak, egungo datu demografikoak eta joera kontuan hartuta. Alde batetik, aldaketa demografiko handia gertatzen ari da: Hego Euskal Herrian, jaio baino herritar gehiago hiltzen da, eta horrek euskararen indarberritze prozesuari eragin egiten dio. "Migraziori esker, ordea, biztanleria haztea espero da, eta horrek egoera berri eta anitz baten aurrean jartzen gaitu. Beraz, argazki berri bat aurkezten digu". Bestetik, gune trinkoen ahultzea eman daiteke, nagusiki euskaraz ari diren eremuetan beheranzko joera nabarituz. Azkenik, atzerapausoak eman daitezke haurren eta nerabeen artean; euskararen ezagutzan eta erabileran hazkunde nabarmena izan duen adin tartea bada ere, lehen hizkuntzari dagokionez beherakada bat etor daitekeela aurreisten dute ikerketek.
Zarauzko datuak
Etxanizek, bere aldetik, Zarauzko datuak eman zituen jakitera. Guztira, 23.075 biztanle ditu herriak eta %73,45a da euskal hiztuna, baina kaleko erabilera %50,7koa da, eta etxeko erabilera, %35,69koa. Azken datu horiek kezka sorrarazten dietela azaldu zuen udaleko Euskara teknikariak. Datuak 2021ekoak dira, eta kale erabileraren neurtzea berriz aurtengo udazkenean tokatzen dela jakitera eman zuen. "Gabonen bueltan jakingo dugu emaitza", gaineratu zuen. Edonola ere, azken urteetako joerari erreparatuz gero, Zarautzen eutsi egin zaio euskararen kaleko erabilerari.
Halaber, Etxanizek argi utzi nahi izan zuen gazteek helduek baino gehiago hitz egiten dutela euskaraz. "2 eta 14 urte bitartekoen ia %73k euskaraz egiten dute kalean, eta neurketak lagin handiekin egin dira", zehaztu zuen. Gune batzuetan beste batzuetan baino lagin gehiago jaso dituzte, gainera; esaterako, kiroldegi inguruan. "Kirolak, beraz, laguntzen du euskararen erabileran", gehitu zuen udal teknikariak. Euskara gutxien erabiltzen dutenak, aldiz, adinekoak eta heldu nagusiak dira.
"Egoera ez da txarra, baina ez dugu triunfalistak izan nahi", azpimarratu zuen Etxanizek. Kaleko erabileraren eta etxeko erabileraren datuek Zarautz euskararen "nagusitasun argirik gabeko udalerrien artean" kokatzen dute, Tolosa, Bergara, edota Orioren pare. Hego Euskal Herriko biztanleria osoari begiratuta, %71 Zarauzkoan baino egoera soziolinguistiko okerragoan bizi dela nabarmendu zuen Etxanizek; Gipuzkoa ardatz hartuta, berriz, datu hori %74koa da. "Beste udalerri batzuk baino hobeto gauden arren, beste irakurketa bat egin behar dugu. Horrek esan nahi du ardura berezi bat dugula, herri txiki batean sortzen ez diren makina bat gauza sortzen ditugulako. Beraz, badugu non eragin".
Gaitasuna erabilerarekin oso lotuta dagoela ere adierazi zuen udaleko euskara teknikariak: "Euskaraz oso ongi ez badakit, errazago joko dut gaztelaniara, eta hori askotan gertatzen da euskaldunberriekin eta ikasten ari direnekin. Kontuan izan behar dugu zer-nolako aukerak ematen dizkiegun". Horren harira, adierazle berri batzuk erakutsi zituen: 16 urtetik gorako hiztunen artean, euskal elebidunak %28,5 dira Zarautzen; nagusitasunik gabeko elebidunak, %25,7; erdaldun elebidunak, %14,1; eta erdaldun elebakarrak, %26,8. Bestalde, etxeko erabilerari dagokionez, gaztelania jaisten ari da, eta elebidunak igotzen.
Konpromisoen unea
Egoera horri erantzute aldera, UEMAk Lurralde estrategia izeneko dokumentua garatu du, eta estrategia horren nondik norakoak azaldu zituen Aranak herenegun. Besteak beste, herritarren kontzientziazioa garrantzitsua dela azpimarratu zuen: "Bide honetan inportantea da herri gogo bat egotea, honi eutsi nahi dion herri aktibo bat, zeren herri gogorik gabe politikariengan eragitea zailagoa da". Esnatu dinamika aipatutako guztiaren aterkipean kokatzen dela zehaztu zuten bi teknikariek, eta bertaratu ziren eragileak hausnartzera gonbidatu zituzten, galdera zoli batekin: "Egiten dugunarekin nahikoa al da? Zer gehiago egin dezakegu?".
Horrenbestez, konpromisoak hartzera animatu zituzten. Horiek jasotzeko labur.eus/esnatueus ataria sortu du UEMAk. Eragileek azaroaren 13a baino lehen idatz ditzakete beren ekarpenak, eta ondoren konpromiso horiek publiko egingo dituzte. Abenduaren 3an izango da, Euskararen Egunean, Piztu eta esnatu lelopean aterako duten argazki jendetsuan.
