Itasua IATko langileek manifestazioa egin dute gaur arratsaldean, greba mugagabearen 83. egunean. Lege Zaharren Enparantzan bildu dira 19:00etan, Borroka da bide bakarra! lelopean, eta langileek enpresari negoziazio mahaian benetako akordio bat lortzeko borondatea izatea, eta Eusko Jaurlaritzari gatazkan esku hartzeko eskatu diote. "Gaur Itasua IATko langileok, gure aldarrikapena Zarauzko kaleetara zabaltzea erabaki dugu", adierazi dute.
Langileek azaldu dutenez, duela aste batzuk negoziazio prozesuari ekin zioten, lan baldintzak hobetuko dituen enpresa hitzarmen bat adosteko asmoz. Haien esanetan, eskaeren artean dago sektore berean lan bera egiten duten langileen arteko desberdintasunak murriztea. Salatu dutenez, "Gipuzkoako beste IAT enpresa bateko langileek baino urtean 133 ordu gehiago egiten dituzte lan, eta urteko soldatan 2.000 eta 6.000 euro arteko aldea dago".
Gainera, zerbitzuaren izaera ere nabarmendu dute. Ibilgailuen ikuskapen teknikoa herritar guztientzat derrigorrezkoa dela gogorarazi dute, eta, ondorioz, "interes publikoko zerbitzu baten ezaugarri asko" dituela azpimarratu dute. Haien arabera, azken bost urteetan Larrauri familiak 10 milioi euro inguru jaso ditu etekin gisa, eta irabazi horiek ez direla langileen lan baldintzen hobekuntzarekin batera joan kritikatu dute: "Ezin da onartu zerbitzu honen etekinak gutxi batzuen aberastasuna handitzeko erabiltzea, langileen lan-baldintzak atzean uzten diren bitartean".
"Enpresaren borondate eskasa"
Negoziazio prozesuan enpresak "benetako akordio baterako borondate eskasa" erakutsi duela ere salatu dute. Horren adibidetzat jarri dute Gasteizko hiru ordezkarirekin sinatutako eraginkortasun mugatuko akordioa. Beharginen arabera, akordio horrek ez ditu Bergarako eta Zarauzko langileak ordezkatzen, eta ez dio gatazka osoari erantzuten.
Nabarmendu dute enpresak akordio hori baliatu nahi izan duela negoziazio kolektiboa amaitutzat emateko, eta jarrera hori "arduragabetzat" jotzen dute, izan ere, "langileen zati handi batek ez du akordio hori onartu eta negoziatzen jarraitzeko borondate argia du". "Gure konpromisoa argia da", adierazi dute, "negoziazio mahaian benetako akordio justu bat lortzea".
Horrez gain, Zarauzko lantokian enpresak, greba zapuzteko asmoz, grebalarien ordezkapenak erabili izana ere salatu dute. Langileen esanetan, Lan Ikuskaritzara jo zuten horren aurrean, eta erakundeak enpresaren jardunean "arau-hauste larria" egon dela ondorioztatu du.
Aldaketarik ez
Beharginek azaldu dutenez, aste honetan enpresarekin egindako bileretan ez dute "jarrera aldaketa nabarmenik" ikusi. Hala ere, negoziazioa berriro bideratzeko aukera badagoela adierazi dute: "Oraindik garaiz dago gatazka honi konponbidea jartzeko". Nolanahi ere, ez direla «"edozein akordiorekin konformatuko" ohartarazi dute.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzari ere gatazkan duen erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu diote, bereziki Industria Sailari. Beharginen hitzetan, Industria Saila "ez-ikusiarenak egiten ari da gatazka hasi zenetik". Langileek adierazi dute greban jarraituko dutela "merezi ditugun lan baldintzak bermatuko dituen hitzarmena lortu arte". Era berean, Zarauzko herritarrei eskerrak eman dizkiete azken asteetan jasotako babesagatik.