Sekretuak azaleratzen dituen lurpeko labirintoa

Intza Trula

Helena Azkarragaurizar eta Bertol Arrieta, gaur, komiki liburuaren aurkezpenean. (Elkar)

Jende modernoa komiki liburua idatzi du Bertol Arrietak, Helena Azkarragaurizarrek ilustratua. Aita-seme batzuen harremana du kontagai, Bartzelonako metroa abiapuntu hartuta.

Aita alarguna eta erretiratua Bartzelonara joan da, han ikasten ari den semea bisitatzera eta elkarrekin asteburua pasatzera. Semeak hiriko txoko liluragarrienak erakutsi nahi dizkio aitari, baina bisitariak metroan ibili nahi du, lur azpiko trenetako asko berak lan egin zuen fabrikan eginak baitira. Bertol Arrietaren (Zarautz, 1975) Jende modernoa komiki liburuaren sinopsia da hori, eta gaur aurkeztu du azken emaitza idazleak, Helena Azkarragaurizar ilustratzailearekin. 

Metroak "betidanik" liluratu du Arrieta, zerbait "berezia" du berarentzat. Horregatik erabaki zuen Jende modernoa liburuaren "oinarri eta abiapuntua" horixe izango zela: metroa. "Hiriaren itzala da, ikusezina, baina era berean, hiriaren irudi bat eskaintzen du", dio metroaz. "Tunelez betetako labirinto" bat bezala deskribatu du, eta aitortu du bertan gertatzen denak ere harritzen duela: "Mota guztietako jendea ibiltzen da, gazteak, zaharrak, turistak, paperik ez dutenak, langileak, trajedunak... Eta haien artean harreman efimeroak sortzen dira".

Bartzelonan literatur egonaldi bat egiteko aukera izan zuela kontatu du Arrietak, eta bidaia horretan aukera izan zuela "metroan aurrera eta atzera ibiltzeko, zoriz trenez aldatzeko eta ibilbidearen azken geltokiraino joateko".

Bi pertsonaia eta hiri bat

Testuinguru horretatik jaio zen Jende modernoa: bi pertsonaia –Saturnino Satur aita eta Mikel semea–, eta hiri bat, Bartzelona. Satur ezkertiarra, aurrerakoia, ateoa, sindikalista eta Palestinaren aldekoa da, baina, era berean, "pertsona homofoboa da", idazlearen hitzetan. Hain justu, Evo Morales sindikalista eta politikari boliviarrean oinarrituta dago Satur: "Morales idolo gisa ikusi genuen garai batean, gauza onak egin zituen Boliviaren alde, baina hitz homofoboak ere izan zituen". Pertsonaietan "kontrastea" bilatu nahi izan du Arrietak, "argiak eta ilunak" edukitzea. Mikel, izan ere, homosexuala da, eta Idiazabaldik (Gipuzkoa) "ihes" egin du Bartzelonara. Aitak oraindik ez daki semearen sexu orientazioa zein den.

Istorioa "minimalista" da, baina pertsonaia bakoitzaren "sekretuak eta itzal ikusezinak" agerian utziko ditu. Honela dio Arrietak: "Asteburuan, aita-semeen harremana lurrikara bat jasateko zorian egon daiteke". Ildo horretatik, idazleak azaldu du isiluneei garrantzia eman nahi izan diela, eta, horregatik, orrialde batzuek ez dute testurik, irudiarekin soilik aurkituko ditu irakurleak. Elipsiek ere beren protagonismoa dute, "ondo erabaki behar baita zer kontatu eta zer ez". Finean, metroaren bidez "hiri handi baten ikuspegi bat" ikusarazi nahi izan du Arrietak. "Ezezagunen artean gertatzen diren elkartze efimeroak kontatu nahi izan ditugu, aita-semeen istorio nagusiaren aldamenean".

Azkarragaurizarrek irudiz jantzi du Jende modernoa, bera izan da istorioa ilustratu duen artista. Pertsonaien "keinuei" balioa eman die, eta horiek "teatralizatzen" saiatu da. Azaldu du bineta guztietan pertsonaia nagusien atzean "zerbait gehiago" gertatzen ari dela beti. Arrietak aitortu du proiektuaren prozesua "aberasgarria" izan dela; storyboard-a elkarrekin ondu dute bi egileek, eta horrek elkar ezagutzeko aukera eman die. Une oro "elkar lagundu" direla azpimarratu du zarauztarrak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide