Pasio baten fruitu eta aldarri

Aritz Mutiozabal

Bertol eta Modesto Arrieta. (Aritz Mutiozabal)

Hamalau heriotzena bertso sorta ikertzen aritu dira hamabost urte luzez Modesto eta Bertol Arrieta aita-semeak. Bitarte horretan guztian filmatutako materialarekin film dokumentala ondu du orain semeak, eta udazkenean herriz herri aurkeztuko dute. Iraileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa. 

Hamalau ikusteko jaioak gara!". Baina ez Hamalau heriotzena bertso sortan jasotako krimen kopurua hamalaukoa delako, baizik eta aipatu zenbakiak hamaikaren adiera bera daukalako. Adiera horri ohore eginez, Modesto eta Bertol Arrieta aita-semeak hamaika urtez aritu dira sorta horren arrastoaren atzetik, eta bide luze horretan, hainbat eta hainbat istorio zein bitxikeria deskubritu dituzte. Bien bitartean ikertutako guztiaren nondik norakoak filmatzen joan dira, batik bat bien artean astero-astero egindako solasaldi-bilerak. Orain, bildutako material guztia txukundu, aukeraketa lana egin eta artistikoki gorpuztu ondoren, film dokumental oso pertsonala ondu du Bertol Arrietak, non ikerketak eta etxeko kontuek bat egin duten bertan. Udazkenetik aurrera herriz herri erakusteko asmoa dute.

Proiektu guztiek dute abiapuntu bat, eta arrietatarrenak Bertso zaharrak diskoan du jatorria. Xabier Letek, Antton Valverdek eta Julen Lekuonak argitaratu zuten lan hura 1973an, eta euskal bertso klasiko ezagunenak jaso zituzten –Xenpelar, Bilintx, Txirrita eta abarrenak–; eta horien artean, Hamalau heriotzena dago. "Lehen pertsonan kontatuta dago, hiltzailearen ikuspegitik. Bertso haiek etxean entzutean, geure artean komentatzen genuen ea posible ote zen hiltzaileak horrelako bertsoak idaztea", azaldu du Modestok. Artean, ez zekiten benetako gertakariak kontatzen zituen ala asmatutako istorio bat zen. Beti horri bueltaka, "zerbait egiteko gogoa" bazuten, baina lan kontuak medio, inoiz ez zioten gaiari heltzen.

2004an, Bertolek hiltzaileri eginiko epaiketaren sumarioa topatu zuen, eta helduleku hori giltzarri izan zen ikerketan sakon murgiltzeko. "Epaiketaren bat egin baldin bazuten garai hartan, Bilbon egon behar zuten dokumentuek, Bizkaiko Foru Aldundiko artxibategian. Hara joan ginen, eta 1825eko ondorengo txostena topatu genuen: Autos de oficio en que fue condenado Jose de Larrinaga a pena capital". Yolanda Arrieta idazleak eta beste batzuek herri antzerki bat egin zuten Etxebarrin (Bizkaia) gertakariaren inguruan 90eko hamarkadan, eta beraz, jakin bazekiten benetakoa izan zitekeela, baina txostenak erabat egiaztatzen zuen hori. "Sumarioan bertsoetan kontatzen den antzeko datuak datoz, nahiz eta inkongruentzia batzuk dauden", zehaztu du semeak.

Modestok erretiroa hartu zuen handik bost urtera, eta orduan, gaiari adarretatik heldu, eta ikertzen hasi zen serio demonio. Artxibategietara joz, batera eta bestera joanez eta jendeari galdetuz, pixkanaka-pixkanaka materiala biltzen joan ziren. Hala ere, galdera bat zuten buruan: "Zergatik dute horrenbesteko arrakasta bertso hauek 200 urte igaro ondoren ere?". Hamalau heriotzena bertso sortak argia ikusi duen bakoitzean oihartzun handia izan dutela jakitera eman dute aita-semeek. Lehenik eta behin, Manuel Lekuonaren liburuan agertu ziren, 36ko gerraren aurretik, baina beste bertsio batean; 60ko hamarkadan, Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariak irratian abestu zituen, eta Arantzazuko Ama aldizkarian ere argitaratu zituzten ondoren; eta handik hamabi urtera, Bertso zaharrak diskoan abestu zuten sorta. "Bertso ikusgarriak dira, gogorrak eta lazgarriak. Baina nola da posible lehen pertsonan idaztea?", dio harrituta Modestok.

Ikerketak bi ildo nagusi izan dituela nabarmendu dute: alde batetik, krimenaren zergatia edo eragilea; eta bestetik, bertsoen egiletza. "Hiltzailea Altzibar baserrian morroi egondako gizon bat zen, ez zen ezezagun bat. Orduan, arrazoi batek egon behar zuen hilketa horiek egiteko. Beraz, jakin nahi genuen zergatik akabatu zituen. Kontua da baserriko ama Katalina hilzorian utzi zuela, eta hark kontatu zuen Jose de Larrinaga izan zela erasotzailea. Gero, berehala atxilotu eta epaitu zuten, eta garrotera kondenatu zuten. Baina sumarioan ez da argi geratzen zergatik hil zituen". Boladan dauden true crime edo thriller baten aurrean egon direla aditzera eman dute.

Bertso anonimo haien arrastoaren atzetik, gainera, hainbat bertsio topatu dituzte: batzuek hamabi bertso jasotzen dituzte, eta beste batzuek zortzi, jatorrizkoak hogei dituenean. "Bertsolaria zein izan zitekeen jakiteko haren hizkera kontuan hartzea zen egokiena, baina bertsio bakoitza euskalkia desberdinean zegoen, eta bertsio originala zein zen deskubritu beharra geneukan".

Jesus Maria Leizaola lehendakariak euskal literaturari buruzko liburuak idatzi zituen, eta haietako batean irakurri zuten Louis Lucien Bonaparte printzeak euskarazko material oro erosten zuela Euskal Herrira etortzen zenean; hain zuzen ere, hark egin zuela lehen euskalkien mapa. Bonapartek kristoren liburutegi pertsonala sortu zuen, baina zendu zenean, haren alargunak enkantean jarri zuen bilduma guztia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Nafarroako Gobernuko dokumentuak erosi zituzten arren, gainerako dena Chicagoko (AEB) Newberry Libraryk bereganatu zuen. "Leizaolari liburu horretan irakurri nion Hamalau heriotzena bertsopaperak Chicagon zeudela", azaldu du Modestok.

Kontatu dutenez, Jesus Galindez espioiak New Yorkeko Columbiako unibertsitatean egiten zuen lan, eta hari eskatu zizkioten Bonaparteren artxibategiko euskarazko bertsopaperak. Eskatutakoa mikrofilm batean bidali zioten Galindezi, hark Jose Antonio Agirreri helarazi zion, eta ondoren iritsi zen Leizaolaren eskuetara Beraz, Leizaolaren arrastoari jarraika, haren dokumentu guztiak Bilboko Artxibo Historikoan zeudela esan zieten. "Bien bitartean, Euskaltzaindiatik bertsopaper originalaren kopia iritsi zitzaidan", kontatu du aitak. Antza denez, Arana Martija bidali zuten handik urte batzuetara gauza bera egitera Chicagora, eta beste mifrofilm batekin itzuli ziren. "Guretzat Amerika deskubritzearen parekoa izan zen jatorrizko bertsopaper horiek jasotzea".

Dokumentalaren bidean

Ikerketa lanak egiten joan diren heinean, emandako pauso guztiak bideoan filmatzen joan dira. "Duela hogei urte hasi ginen ikerketarekin, ongi jakin gabe zer egingo genuen material horrekin; baina dena grabatzea erabaki genuen", azaldu du Bertolek. Asteazkenetan, semea gurasoenera joan ohi da bazkaltzera, eta hori hartu zuten ikerketa sakontzeko bilera egun bezala. "Bururatu zitzaidan bilera haiek guztiak filmatzea. Bestela, nola kontatu behar genuen hau guztia? Beraz, duela hamabost urte inguru hasi ginen etxeko sukaldean tripode bat eta kamera bat jarri eta gure arteko solasaldi guztiak grabatzen: bi, hiru eta lau orduz, astero-astero".

Horrenbeste ordu filmatu ondoren, gauza kuriosoa gertatu zaiola aitortu du sortzaile zarauztarrak: "Bada, Hamalau heriotzena bertso sortaz gain, beste mila kontu atera dira, gure artekoak eta familiakoak, eta hori guztia naturaltasun guztiz. Horrenbeste urtez horretan aritu ondoren, ahaztu egiten zaizu kamera hor dagoela, eta espontaneitate handiko momentuak egon dira. Azkenean, jasotako materiala askoz ere interesgarriagoa da Hamalau heriotzena baino, baina bertso sortari buruzko hizketaldiek ere badute mamia. Gainera, hori izan da guztiaren iturburua".

Ikerketa duela bi urte eman zuten amaitutzat. Hasieran, dokumentalaren muntaiaren ikuspegiak gehiago zeukan bertso sortaren kontakizunetik, baina, ondoren, planteamendua aldatu zuen: "Konturatzen hasi nintzen aita eta bion artean sortzen zen harremanak eta denboraren joanak indar handiagoa zuela. Askoz ere interesgarriagoa egiten zitzaidan bigarren alde hori". Grabatutako milaka ordu haiek laburtzea egin zaio gogorrena Bertoli; lau ordutara ekartzea lehendabizi, lautik hirura gero, hirutik bira, eta behin esku artean ordu eta 52 minutuko lana zuenean, Donostiako Tabakaleran erakutsi zuen. "Mundu guztiak esan zigun parte interesgarriena aitaren eta bion arteko pasarteak zirela, eta, halaber, luzeegia zela dokumental baterako. Laburtze horretan, ikerketako zatiak sakrifikatu behar izan ditut dokumentalari beste indar bat emateko".

Edonola ere, ikerkuntzak bere pisua izaten jarraitzen du dokumentalean. Bertso sorta haien egilea nor izan zen deskubritu ez badute ere, sasoi hartako bertsolari guztiak aztertu dituzte bakoitzaren ezaugarrien arabera, eta bertso horiekin izan ditzaketen loturak ere bai, hipotesi bat aurkezteko. Era berean, heriotza horien zergatia jakin nahi izan dute, eta horretarako, adituekin hitz egin dute. "Bi ildo horiek jasotzen dira, baina pelikularen muina gure arteko harremana da. Baita elkarrekin zerbait egiteko pasioa edo grina ere, hamabost urtez iraun duena. Horren aldeko aldarri bat ere bada lan hau", aitortu du Bertolek.

Dokumentalean hainbat kolaboratzailek hartu dute parte era batera zein bestera: Koldo Zuazo hizkuntzalariak, Cesar San Juan kriminologoak eta Xabier Alberdi historialariak, esaterako. Soinu post-produkzioan Xanti Salvadorrek proiektuan parte hartzeko borondatea erakutsi du, "bere katxearen oso azpitik". Pelikula soinuz janzteko garaian, euskal musikarien kantak erabili dituzte –Amorante eta Mursego, kasu–, eta Pettik Hamalau heriotzena doinuaren hiru bertsio grabatu dizkie. "Sortzaile guztiek, aita eta biok ginela ikusi dutenean, oso borondate ona erakutsi dute hasiera-hasieratik". Argi eta garbi utzi dute "zentimorik gabe" eginiko pelikula bat dela, ekoizpen etxeen babesik gabe, horrek dauzkan alde txarrekin, teknikoki oso mugatua delako, eta alde onekin, nahi dutena egin ahal izan dutelako. "Lan xumea egin dugu, baina benetakoa da, eta uste dugu hori dela duen alderik onena".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide