Ibilgailuak dabiltza jada saihesbide berrian

Intza Trula

Saihesbideko lehen zatia zabaldu dute gaur, Bustinzuriko biribilgunetik Abendañora artekoa, alegia. Orain, bi hilabeteko epean, AP-8tik Astiko biribilgunera doan irteera adarra egingo dute.

Atzo iragarri bezala, gaur goizean zabaldu dute Zarauzko saihesbide berriko lehen zatia. Bustinzuriko biribilgunetik Abendañora arteko bidea da zabaldu dutena, eta lehen autoak, autobusak zein kamioiak dagoeneko badabiltza bertan.

Ordea, saihesbideko obrek beste bi hilabete iraungo dute oraindik. Hain justu, AP-8tik Astiko biribilgunera doan irteerara arteko zatia itxita egongo da orain, zabaltze lanak egiteko. Hortaz, denbora honetan autobidetik Donostiarako noranzkoan doazen eta Zarauzko irteeratik herrira, Oriora edo Getariara joan nahi duten ibilgailuek bide berritik eta Zarauzko hiri-bilbetik sartu beharko dute.

Obra hauek aldaketak eragingo ditu autobus geltokietan: Eibartik eta Gasteiztik datozen autobusak Bustinzuriko biribilgunean egingo dute geldialdia. Erabiltzaileek, beraz, hor izango dute behin-behineko geralekua datozen bi hilabeteetan. Edonola ere, autobusak hartzeko tokia, orain bezala, Amillubiko geltokia izaten jarraituko du. Gabonetarako lehengo funtzionamendura itzuliko direla aurreikusten dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide