Bihar zabalduko dute Zarauzko saihesbideko lehen zatia, AP-8 irteerako biribilgune berritik Abendañoko industrialdera doan tartea, hain justu ere. Hala, Bilbotik Donostiarako norabidean datozen ibilgailuek zuzenean errepide zati berria hartuko dute Zarautzen irteten direnean. Bien bitartean, Astirantz doan bidea –autobidearen egungo irteera adarra– itxi egingo dute bi hilabetez, saihesbideko lanak bere osotasunean amaitu ahal izateko.
Azpiegituraren lehen zatia ireki bezperan, Bustinzuriko azpi pasabidean elkartu dira Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza, Zarauzko alkate Xabier Txurruka eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkiola, eta egindako obrak bisitatu dituzte. Duela hamabost hilabete ekin zieten obrak azken txanpan sartu direla azaldu dute, aurreikusitako erritmo eta faseetan gauzatuz doazela nabarmenduz, eta, bide batez, eskerrak eman nahi izan dizkiete herritarrei, gisa horretako obrek eragin ditzaketen eragozpenen aurrean izan duten pazientziagatik.
Saihesbideetako tarteetako bat zabaltzea "urrats garrantzitsua" dela adierazi du Mendozak: "Sekulako ekarpena egingo dio Zarautzen eta inguruan dagoen trafiko astun ugariri, hain beharrezkoa dena. Saihesbide berri honekin trafiko astuna herritik aterako dugu, eta irteera berri bat egongo da industrialdera. Onura handia egingo dio zarauztarren segurtasunari eta trafikoari, eta ekonomiaren ikuspegitik ere lotura zuzena izango du".
Aldundiak 10,8 milioi euroko inbertsioa egin du saihesbidea eraikitzeko, eta Altuna y Uria eta Amenabar eraikuntza enpresak ari dira azpiegitura osatzeko lanetan. Zentzu horretan, Xabier Txurrukak eskerrak eman dizkio aldundiari saihesbidearen alde eginiko apustu ekonomikoagatik: "Honek zarauztarrok hainbeste urtez eskatu dugun industrialdetara doan trafiko astuna kanpoaldetik bideratzeko aukera emango digu, eta horrek herritarron bizi kalitatean onura nabarmena suposatuko du".
Halaber, alkateak gogora ekarri du saihesbideko obrak bi hilabete dituela aurretik, eta epe horretan, AP-8tik Astiko biribilgunera doan irteera adarra itxiko dute, zabaltze lanak egiteko. Hortaz, autobidetik Donostiarako noranzkoan doazen eta Zarauzko irteeratik herrira, Oriora edo Getariara joan nahi duten ibilgailuek bide berritik eta Zarauzko hiri-bilbetik sartu beharko dute. Lanak amaitutakoa, bide-adar zabaldutik lehengoratuko dute zirkulazioa, eta ibilgailuek bi aukera izango dute Zarauzko irteera hartzen dutenean: Astiko biribilgunera edo zuzenean Abendaño industrialdera, herrigunetik igaro gabe. Era berean, Astiko biribilgune azpiko oinezkoen pasabidea urri amaierarako irekita egotea espero dute.
Aipatu obrek, bestalde, aldaketak eragingo ditu autobus geltokietan: alegia, Eibartik eta Gasteiztik datozen autobusak Bustinzuriko biribilgunean egingo dute geldialdia, bihar 09:00etatik aurrera. Erabiltzaileek, beraz, hor izango dute behin-behineko geralekua datozen bi hilabeteetan. Edonola ere, autobusak hartzeko tokia, orain bezala, Amillubiko geltokia izaten jarraituko du. Gabonetarako lehengo funtzionamendura itzuliko direla aurreikusten dute.