Lan baldintza duinak bermatuko dizkien hitzarmenaren alde mobilizatuko dira etzi Itasua IATko langileak

Intza Trula

Itasua IATko langileak, abuztuan Zarauzko SKAPAko jaietan egindako manifestazio batean. (Mireia Galarza Bastida)

19:00etan hasiko dute manifestazioa, Lege Zaharren Enparantzatik. Pasa den uztailetik greba mugagabean daude Bergarako eta Zarauzko Itasua IATko langileak, langileen akordioaren negoziaketen etenaren aurrean.

Itasua IATko langileen borrokak aurrera jarraitzen du, eta etzirako manifestazioa deitu dute Zarautzen. 19:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua, Lege Zaharren Enparantzan. Langileen akordioaren negoziaketak etenda jarraitzen duelako bilduko dira, beharginen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen propio baten alde.

Bergarako eta Zarauzko Itasua IATko langileek bi hilabete pasatxo daramatzate greba mugagabean. Irailaren 15ean Bergaran egindako agerraldian enpresari zein Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten "behingoz" arduraz joka zezaten. "Enpresarekin bilera izan genuen uztailaren 23an Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan, negoziaketa desblokeatzeko asmoz langile ordezkariok deituta. Bilera horretan gure aldarrikapenak ez ziren kontuan hartu, enpresak entzun ere ez bazituen egin, eta egoera larritzen doa", salatu zuten.

Horrez gainera, bertan jakinarazi zuten langileetako batek kaleratze-gutuna jaso duela, eta beste zazpi beharginek enpresaren aldetik salaketak jaso dituztela.

Horregatik, etziko manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide