Martxa musikatua egin dute, Gazako "krisialdi humanitarioa" jomugan jarrita

Aritz Mutiozabal

Hainbat herritar elkarretaratu da gaur eguerdian, eta Gazarekin martxan lelopean, herriari itzulia eman diote. Israel Gazako herriaren aurka egiten ari den sarraskia salatuko dute, kaltetuei babesa adieraztearekin batera.

Zarautz-Palestina herri ekimenak deituta, palestinar herriaren aldeko martxa musikatua egin dute hainbat herritarrek gaur eguerdian, Gazarekin martxan lelopean. Israel Gazako herriaren aurka egiten ari den sarraskia salatzeaz gai, kaltetuei babesa adieraztea izan da mobilizazioaren helburu nagusia.

Lege Zaharren Enparantzatik abiatu da martxa, 12:00ak pasatxo zirela, eta San Frantzisko kalea hartu ondoren, Kale Nagusira jo dute elkarretaratuek. Torre Luzearen aurrean geldialdia egin, eta Zarautz-Palestina kideek hitza hartu dute, Palestinako egungo egoerak "oso larria" izaten jarraitzen duela gogora ekartzeko.

Gazako krisialdi humanitarioak ez daukala "aurrekaririk" azaldu dute, eta Zisjordaniako segurtasuna "erabat mehatxatuta" dagoela. Jarraian, UNRWA Palestinako errefuxiatuen aldeko nazio batuen agentziaren azken txosteneko datu esanguratsuak eman dituzte, Gazako osasun sistemaren "etengabeko kolapsoaren" inguruan eta horrek 2023 urriaren 7az geroztik izan dituen "ondorio sakonak".

Martxak Kale Nagusitik jarraitu du, eta Musika Plazko kioskoari bira eman ostean, Zigordi kalerantz jo du. Handik Barren plaza zeharkatu du eta atzera Lege Zaharren Enparantzan amaitu da protesta. Bukatzeko Mikel Laboaren Txoria txori abestia jarri dute, eta elkarrekin abestu dute mobilizazioan parte hartu duten guztiek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide