Azken urteetan ez bezala, aho batez onartu zituzten 2027ko ordenantza fiskalak atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran, eta Zarauzko tasek eta zergek %2,6ko igoera orokorra izango dute datorren urtean; aurten,%2,3koa izan da igoera hori. Jesus Arana Ekonomia eta Ogasun zinegotziak aditzera eman zuen azken urtean prezioak gora egin dutela eta Gipuzkoako KPIa % 3,7 igo dela, baina udal gobernuak proposatutako egunaratze orokorra inflazioaren azpitik dagoela, “herritarren ahalegin ekonomikoa neurrizkoa eta bidezkoa izan behar duelako”.
Oro har, 2027ko ordenantza fiskalek orekatuak, arduratsuak eta etorkizunari begirakoak direla azpimarratu zuen Aranak, eta hiru helburu uztartzen dituela: “udalaren iraunkortasuna bermatzea, herritarrei ematen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatea mantentzea eta babes berezia behar duten kolektiboei laguntzen jarraitzea”.
Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta Ibilgailuen gaineko Zergan egiten den eguneraketa moderatua dela aipatu zuen Aranak, eta legeak ezartzen duen gehieneko mugetatik oso urrun mantentzen direla hainbat karga tasa afierazi zuen. “Horrek adierazten du ez gaudela ahalik eta gehien kobratzeko logikan, baizik udalaren beharrak eta herritarren ahalmenak uztartzeko logikan”.
Ordenantza horiek ez direla diru bilketaz soilik ari ere zehaztu zuen. “Justizia sozialaren apustu argia” ere badagoela gaineratu zuen: lehen aldiz, familia ugarientzako hobari fiskalak guraso bakarreko familietara zabaltzea aurreikusi dute. “Udal fiskalitateak gizartearen errealitate berrietara egokitu behar du, eta familia eredu guztiak administrazioaren aitorta eta babesa merezi dute. Era berean, familia errenta estandarizatu tarteak eguneratuko dituzte”.
Trantsizio ekologikoarekiko konpromisoa berretsiz, energia berriztagarrien alde egiten duten etxebizitzek, efizentzia energetiko handia duten eraikinek eta emisio gutxiko ibilgailuek hobari garrantzitsuak izaten jarraituko dute. Hala ere, ordenatza horien iraupena denboran mugatuko dute, laguntza horien helburua inbertsio berriak sustatzea delako. Horrenbestez, eraikinei lotutakoak bost urtez aplikatuko dira, eta ibilgailuei lotutakoak hiru urtez, pizgarri horien iraunkortasuna bermatzeko.
Mugikortasunaren arloan ere neurriak hartu dituzte. Astiko aparkalekuan, ibilgailu handien –kamioi, herriko karabana, autokarabana eta abarren– antolamendurako zerbitzua eskaini nahi dute, herrigune libratzeko eta espazio publikoa hobeto antolatzeko, mugikotasun jasangarriago baten mesederako.
“Inoizko ordenantzarik progresiboenak ditugu, eta, ondorioz, bidezkoenak”, aditzera eman zuen PSE-EEko bozeramaile Inaxio Ilarramendik. Pozik agertu zen, gainera, Ondasun Higiezinen gaineko Zergei dagokien hobarien eguneraketarekin: “Lehen 22.000 euroko errenta estadarizatua zeukan familia bati %40eko hobaria zegokion, eta aurrerantzean, errenta zein baldintza berdinetan, %60koa izango luke. Behar gehiago dutenei laguntza gehiago ematen dieten ordenatzak dira hauek, eta emaitzarekin gustura gaude”. Iaz, etxebizitza hutsei OHZren errekargua %100etik %150era igoarazi zietela gogoratu zuen Illarramendik, eta aurten ordenantza “progresiboagoak” egin badira ere, kritiko agertu zen etxebizitza hutsetarako aplikatzen den urteko 300 kilowatteko gutxieneko energia kontsumoaren parametroarekin.
"Egindako lanaren fruitua"
EH Bilduko bozemaile Garazi Olaizolak ere bat egin zuen OHZren errekarguaren kontsumo salbuespenarekin, eta, oro har, ordenantzak hobetu beharreko gauzak dituela azaldu zuen. Hala ere, babestu zuten proposamena koalizioarentzat perfektua izan ez arren, “zintzotasunez esan dezakegu urte hauetan egin ditugun proposamen guztien arrastoak daudela, urte hauetan egin dugun lanaren fruitua ikus dezakegu”. Adibide argi gisa jarri zuen familia ugarien errenta estandarizatuen tarteak eguneratu izana.
Era berean, jakitera eman zuen energía hobarien inguruan proposamen ezberdinak egin zituztela, eta beti defendatu dute hobari horiek “pizgarriak” izan behar dutela, “eta ez pribilegio iraunkorrak”. Olaizolaren esanetan, “trantsizio energetikoa sustatu behar da, baina modu ordenatu eta arduratsu batean. Horregatik egokiago da epe jakin bati lotzea eta ez betikotzea, eta hori onartu da”.
Prezio publikoetan ere “aurrerapausoak” eman direla nabarmendu zuen EH Bilduko zinegotziak: “Urteak daramatzagu udal politiketan progresibitatea txertatzearen alde, eta udalbatza honek beti esan du progresibitatearen alde lan egingo lukeela. Uste dugu aurten eman duela lehen pausoa”. Onartu du askotan legeak zehazten dituela mugak, baina muga horien barruan, koalizioak beti defendatu duela herritar bakoitzari bere egoera ekonomikoaren arabera egin diotela ekarpena udal zerbitzuek.
Lehen aldiz, familia errenta estandarizatua kontuan hartzen duen sistema progresibo bat txertatuko dute musika eskolako eta kiroldegiko prezio publikoetan. Udal gobernuko kideak oso baikor agertu dira emandako urratsa horren aurrean. Ez dela nahikoa uste du koalizioak, eta etorkizunean sistema sakondu daitekeela eta progresibitatea udaleko beste zerbitzu batzuetara zabaldu daitekeela iritzi dio.
Zerga turistikoa, onartuta
Atzoko plenoan landu zuten beste gai garrantzitsuetako bat egonaldi turistikoen gaineko zerga izan zen. Honako hau udal gobernuko alderdien aldeko botoekin onartu zen; ikuspuntu ezberdinak tarteko, EH Bildu abstenitu egin zen.
2027ko urtarriletik aurrera nahitaez aplikatu beharreko Foru araudi bate garapena dela azaldu zuen Jesus Aranak, eta lehen aldia denez, udalak ziurgabetasunak ditu zer diru bilketa izango duen. Txosten teknikoak eginagatik, kalkulu zehatza egitea ezinezkoa dela argitu zuen, hainbat ezaugarri izango dituelako; besteak beste, adingabeak eta zenbait kolektibo salbuetsita daude eta bisitariak gehienez sei egun zergapetuko dira. Hala ere, milioi bat euroko diru sarrera aurreikusi dute urtean.
Foru Ogasunak gutxieneko eta gehieneko kopuruen lerro bat zehaztu du, eta udalerri bakoitzaren esku utzi du establezimendu bakoitzari prezio bat ezartzea. Udal gobernuak lerro horren erdiko bidearen alde egitea erabaki du, salbuespen bakarrak erabilera turistikoko etxebizitzak eta apartamentuak izanik. Horiei gehieneko zenbatekoa aplikatuko zaie, hau da, 6,5 euro pertsonako eta eguneko; izan logelaka alokatuta, izan etxebizitza osorik alokatuta. Erabaki horrek logika argi bat duela azaldu zuen zinegotziak: “Azken urteotan hazkunde handiena izan dutenak izan dira, eta, aldi berean, etxebizitza merkatuan eta bizitegi erabileran eragin handiena duten jarduera ekonomikoak dira”.
Gainerako ostatuei dagokienez, modu honetan zehaztu dituzte kostuak: 5,50 eurokoa izango da bost izarreko hoteletan; 4,50 eurokoa lau izarreko hoteletan; 2,50 eurokoa hiru izarreko hoteletan; 1,75 eurokoa bi izarretako hoteletan; 3,50 eurokoa apartamentu turistikoetan; 1,25 eurokoa izar bakarreko hoteletan, pentsioetan, kanpinetan, landetxeetan eta aterpetxeetan; 0,87 eurokoa nekazal turismoetan; eta 2,50 eurokoa turismoko beste establezimendu batzuetan.
Zerga horren helburua ez dela inor zigortzea dio Aranak, baizik eta turismoak sortzen dituen onurak eta kostuak modu orekatuago batean partekatzea. Izan ere, Zarautzek urte osoan zehar ahalegin handia egiten du garbiketan, mantentze lanetan, mugikortasunean, segurtasunean, kultur eta aisialdi eskaintzan eta espacio publikoen zaintzan, eta zerbitzu horiek bisitariek ere erabiltzen dituzte. Diru bilketa horri esker, udalerriak baliabide gehiago izango ditu aipatu esparru horiei erantzuteko.
Lehen urtea izango dela ere nabarmandu nahi izan zuen Aranak, eta ikusiko dutela zein izango den erreakzioa. Nolabait ere, esperientziak esango diela etorkizunean egokitzakenak egin beharko diren ala ez.
Illarramendik argi du zerga hori ez dela turismoak Zarautzen eragiten dizkion kalteen behin behiko irtenbide, baina “behintzat, kalte horiei aurre egiteko baliabideak emango dizkio”. Hala ere, “zentzuz eta prudentziaz” ibili beharreko zerbait dela iritzi dio, ziurgabetasun handia dagoelako zer-nolako eragina izan dezaken bisitarien artean. Horregatik, udal gobernuaren proposamenari helduta, zerga turistikoak erdibidetik jotzea dela zuzenena defendatu zuen, turismo erabilerarako apartamentuen eta etxebizitzen kasua izan ezik.
PSE-EEko bozeramailearentzat bi modelo horiek “existitu beharko ez luketen anomalia bat” dira. “Etxebizitzak bertan bizitzeko izan beharko lukete, eta lokalak komertziorako. Ez dugu apartamentuz jositako Zarautz bat nahi. Horregatik jotzen dugu maximoetara bi tipologia hauetan”.
EH Bildu pozik agertu zen zerga turistikoak lantzearekin, koalizioak aspalditik mahai gainean jarritako gai zelako. Hala ere, ostatu mota guztietan gehieneko kopurua aplikatzearen alde daudela adierazi zuen koalizioko kide Itziar Muruak, ez bakarrik apartamentu eta etxebizitza turistikoetan, eta horregatik abstenitu egin ziren bozketan. “Zarautz bezalako herri turistikoetan, ostatuak garestiagoak dira. Orduan, iruditzen zaigu zerga ere proportzionala izan beharko lukeela. Barnekaldeko herri txiki batean erdiko tasa aukeratzea logikoa iruditzen zaigu, baina ez dugu ulertzen zergatik Zarautzek atzean geratu behar duen”, arrazoitu zuen Muruak.
Bestalde, sektoreak ere kezkak dituela adierazi zuen, eta hori ere ulertzekoa dela esanez, gainerako alderdiekin partekatu nahi izan zuen. “Alde batetik, zerga jarrita jende gutxiago etorriko den kezka dago, baina lasaitu nahiko nituzke, aplikatu den beste toki batzuetan ongi funtzionatu duelako. Eta, bestetik, zerga kobratzeak eta kudeatzeak suposatuko dien lankargarekin arduratuta ere badaude; izan ere, kontuak hiruhilean behin autolikidatu beharko dituzte udalarekin. Zentzu horretan, erremintak ahalbidetu beharko litzaieke”.
HAPOaren aldaketa
Bilkurako azken aztergaian, ostatu turistikoen erabilera arautzeko HAPOaren aldaketari hasierako onespena eman zioten. Erabilera arautzeko diagnostikoa egin zuen udal gobernuak, eta hasiera batean hura zekarren mahai gainera. Baina EH Bilduk eta PSE-EEk proposamen alternatiboa aurkeztu zuten, eta, azkenean, EAJk berea alboratu eta beste biena onartu zuen.
Onartutako aldaketak bi neurri izango lituzke. Alde batetik, Zarautzek saturazio-maila gainditzen duen bitartean ezingo dira ostatu turistiko berriak baimendu; une honetan, 100 biztanleko 18,3 plaza turistiko ditu herriak. Bestetik, etorkizunean 100 biztanleko 10 plazaren azpitik kokatuko balitz, orduan egingo litzateke auzokako azterketa, eta auzo bakoitzaren egoeraren arabera aplikatuko lirateke neurriak.
EAJk planteatzen zuen arauaren arabera, auzoka definitzen zituen eremu saturatuak, hala nola, Alde Zaharra, Itsasertza, Iñurritza-San Pelaio eta Salbide ziren auzo horiek. Garbiñe Oiarbideren esanetan, Hirigintza sailetik landutako txostena “murriztaileagoa” da, eta, oro har, “etxebizitza babesten du, auzoetako biizitza eta merkatariak babesten ditu, eta herritarren bizi kalitatearekin orekatuagoa eta bateragarriagoa da”.